TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Txuleta eder baten zain

Iban Maioz.
2010eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Ikaragarria izan da gaurkoa, izugarria. Perfilari begira aritu naiz, eta 70 kilometro geneuzkan maldan gora, eta desnibela uste dut 6.000 metro ingurukoa zela. Etapa hasterako sortu da, gainera, ihesaldia; Sastre sartu da tartean, eta Liquigas bete-betean tiraka aritu da. Ez dakit sekula halakorik egin dudan. Normalean lehen mendateetan lasai antzean joaten gara, baina gaur dena emanda igo ditugu 70 kilometroak. Gavian gora geratu naiz ni atzean, eta gainetik minutu eta erdira igaro naiz. Baina bakar-bakarrik geratu naiz jaitsieran, eta ez dut askorik arriskatu, amildegi ederrak daudelako Gaviako jaitsieran. Azkenerako zortzi minutura iritsi naiz helmugara, eta oso pozik nago, 22. postuan nagoelako sailkapen nagusian.

Kito, hau amaitzera doa, eta ospatzeko gogo ederra daukagu. Ez dakit bihar [igandea] edo astelehenean goazen etxera, baina afari eder batekin ospatuko dugu bihar Veronan. Hori bai, mahai txiki batekin nahikoa izango dugu, lau bakarrik gaudelako taldean. Etxera iristean, berriz, txuleta eder bat jango dut. Eskerrik asko denoi egunero nirekin egoteagatik, eta laster arte!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.