Giroa hasi aurretik Scarponiren helburua ez zen, hain zuzen, lidergoaren lehian ibiltzea, baina Dolomitetako bi etapetan hainbeste denbora galtzea ere ez zeukan buruan. Izan ere, martxoan Tirreno-Adriatikoko nagusia eta etapa gogorrena irabazi zituen, eta, gainera, apirilean itxuran ibili zen klasikoetan. Horregatik, nola San Martino di Castrozzan hala Alpe di Siusin aurrerago ibiltzeko itxaropena zuen.
Hala gertatu ez zenez, jada nagusian aukerarik ez duenez, atzo eguneko ihesaldian sartzea erabaki zuen. Gainera, Scarponik berak bazekin atzo Bressasone eta Mayrhofen artean bete beharreko 248 kilometroak egokiak zirela ihesaldietarako. Batetik, aurreko bi egunetako astinduen ondoren taldeburuek atseden hartu nahi zutelako. Eta, bestetik, bi mendate luze samar izanda, esprinterren taldeek lan egiteko zalantzak edukiko zituztelako. Ihes egiteko neurrira egindakoa, alegia.
Eta hala gertatu zen. 50. kilometroaren bueltan sortu zen eguneko ihesaldia, eta horretan bost txirrindulari sartu ziren: Scarponi bera, Vasil Kirienka (Caisse d'Epargne), Oscar Gatto (ISD), Kasper Klostergaard (Team Saxo Bank) eta Guillaume Bonnafond (Ag2r). Ondo ulertu zuten elkar, oso bizi ibili -42 kilometro orduko batez bestekoa oso handia da- eta ia hamar minutuko aldea lortu zuten.
Azken eta bigarren mendatean gora -lehen mailakoa- Scarponik eta Kirienkak alde egin zuten, eta pankartapean bost minutukoa zen tropelarekiko aldea. Stefano Garzelli (Acqua&Sapone) atera zen atzetik, baina ezin izan zituen aurrekoak harrapatu. Buruan, ordea, aldapa behera, Kirienkak karranpak izan zituen ezker hankan eta Scarponik bakar-bakarrik egin zituen azkeneko kilometroak. Eta badu bere meritua, Quick Stepek eta Katushak batez ere esprinta jokatzeko lan egin baitzuten. Scarponik hamahirugarren garaipena du 2002tik, profesionaletan debuta egin zuenetik.
Zazpigarren etapa jokatuko da gaur, Innsbruck eta Chiavenna artean.
Sailkapenak
SEIGARREN ETAPA1. M. Scarponi (Diquigiovanni) 5.49.55
2. Edvald Boason (Columbia) 32ra
3. Allan Davis (Quick Step) d.b.
4. Filippo Pozzato (Katusha) d.b.
8. Michael Rogers (Columbia) 36ra
9. Danilo di Luca (LPR) d.b.
50. Iker Camaño (Fuji-Servetto) d.b.
88. Iban Maioz (Xacobeo) 1.15era
91. David Lopez (Caisse d'Epargne) d.b.
152. P. Horrillo (Rabobank) 15.15era
NAGUSIA
1. Danilo di Luca (LPR) 22.11.15
2. T. Lovkvist (Columbia) 5era
3. Michael Rogers (Columbia) 36ra
4. Levi Leipheimer (Astana) 43ra
5. Denis Mentxov (Rabobank) 50era
6. Ivan Basso (Liquigas) 1.06ra
57. David Lopez (Caisse) 14.48ra
73. Iker Camaño (Fuji) 20.28ra
84. Iban Maioz (Xacobeo) 24.07ra
176. P. Horrillo (Rabobank) 58.58ra