Reala

Txuri-urdinek distira egitearen gakoak

Realak matematikoki eskuratu du datorren sasoian Txapeldunen Ligan aritzeko eskubidea. Txuri-urdinek multzo sendoa osatu dute, eta zenbait marka historiko ezarri dituzte

jarraia228666.jpg
Jon Ander De la Hoz.
2023ko maiatzaren 29a
12:55
Entzun

Nahia zena errealitate bilakatu da. Realak lortu du helburua. Donostiako taldea Txapeldunen Ligan ariko da datorren denboraldian, azken aldiz aritu eta hamar urte geroago. Hasi eta buka, sasoi ona osatu dute txuri-urdinek. Gogoangarria da Imanol Alguacilen taldeak egin duena; zenbait lorpen historiko erdietsi ditu jada, eta hobetu egin dezake azken jardunaldian. Ordea, ligatik harago doa Zubietakoen jardun distiratsua.

Puntu kopuruetan, zilarra

Puntu kopurua da Realak osatu duen sasoi onaren adierazle nagusia. Espainiako Liga amaitzeko jardunaldi baten faltan, 68 puntu eskuratu ditu, eta klubaren historiakomarkarik onenetan bigarrena da hori. 2002-2003ko denboraldian soilik eskuratu zituen gehiago; orduko hartan, Reala txapeldunorde izan zen. Azken partidan garaipena eskuratuz gero, 71 puntu lortuko ditu Imanol Alguacilek gidatutako multzoak, 2002-2003ko denboraldian baino bost puntu gutxiago (76).

Garaipen errekorra

Gaur egungo taldea Realaren historiaren parte da jada. Donostiako klubak inoiz baino garaipen gehiago eskuratu ditu: 29. Iragan asteartean gainditu zuen 1987-1988ko denboraldiko lorpena ontzea. Ligan asko pilatu dituen arren, hiru txapelketa jokatzeak ahalbidetu dio errekor propioa ezartzea. Hogei garaipen eskuratu ditu Espainiako Ligan, bost Europa ligan, eta lau Espainiako Kopan. Oraindik beste bi batu ditzake zakura.

Bolada onak kateatuta

Jarraitutasuna izan da Realaren beste indargune bat. Multzoak jakin du aldi onei segida ematen, eta horrek finkatu du Txapeldunen Ligako postuetan. Izan ere, bi aldiz lortu du bost garaipen jarraian kateatzea. Lehendabizi, seigarren jardunalditik hamargarrenera, eta, ondoren, hamalaugarrenetik hemezortzigarrenera. Gainera, azken aldi horren aurreko eta osteko partidak berdindu egin zituen, eta horri esker zazpi partida lotu zituen galdu gabe.

Etxetik kanpora, tinko

Anoetatik urrun lortutako garaipen sorta da aurtengo Reala Txapeldunen Ligarako sailkatu izanaren beste gakoetako bat. Izan ere, txuri-urdinek inoizko markarik onena ezarri dute arlo horretan ere. Hamar garaipen eskuratu dituzte etxetik kanpora, hemezortzi neurketa jokatuta. Sekula baino gehiago da hori. Orain artean bederatzi alditan ezarria zuen langa.

Garaipen entzutetsuak

Donostiarrek munta handiko partidak irabazi dituzte aurten. Orain hurrena, Bartzelona azpiratu zuten bere estadioan (1-2), 1991tik halakorik egin gabe egon eta gero. Ez hori bakarrik: Manchester Unitedi ere irabazi egin zion Old Trafforden (0-1), Europa ligako partidan, eta Real Madril eroso azpiratu zuen Anoetan. Zuriei dagokienez, Realak aldeko du gol aldea; hutsean berdindu zuen Santiago Bernabeun, eta irabazi Anoetan (2-0). Hortaz, gaur-gaurkoz, txuri-urdinek aukera dute zuriak sailkapenean gainditu eta hirugarren postuan amaitzeko. Sasoiko beste garaipen esanguratsua Athleticen aurkakoa izan zen, joan zen urtarrilean (3-1).

Hutsaren balioa

Erasoko jokalarien eta defentsakoen elkarlana izan da Realaren ezaugarri behinenetako bat. Batez ere atzeko lerroan erakutsitako sendotasunak puntu asko lortzeko modua emandio Realari. Alex Remirok hamabost aldiz utzi du bere atea hutsean, Espainiko Ligari dagokionez. Hala, Realak ez du galdu hamabost partida horietan. Gainera, txuri-urdinei ez dute golik sartu Europa ligako bost partidetan, eta kopako hirutan. Guztira, 23 alditan.

Europara, laugarrenez jarraian

Reala ondo ari da ligan azken urteetan, eta bada datu bat hori berresten duena. Azken lau aldietan Europarako sailkatu da. Europa liga izan du sari hiru aldiz, eta urrats bat gehiago egin du aurten, Txapeldunen Ligarako sailkatuta. Gisa horretara, klubaren historiako marka bat berdindu du oraingoan, lau aldiz sailkatuta. Aurrez, 1978tik 1982ra lortu zuen hori.

Izen propioak
Taldea izan da, oroz gain, Realaren aurtengo arrakastaren eragile nagusia. Multzoak distira egin du oro har, eta haien artean badira zenbait jokalari ikusgarri aritu direnak. Remiroz gain, erdiko bi atzelariak garrantzitsuak izan dira taldearen sendotasunean: Igor Zubeldia —2029. urtera arte berritu du kontratua— eta Robin Le Normand izugarri ondo aritu dira. Aise aritu dira, halaber, Martin Zubimendi, Mikel Merino, David Silva, Alexander Sorloth eta Take Kubo jokalariak ere, besteak beste. Japoniarrak zaleen grina piztu du Realean egin duen estreinako sasoian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.