Txirrindularitza

UCIk Oier Lazkano zigortu du behin-behinean, haren pasaporte biologikoan «azalpenik gabeko anomaliak» ageri direlako

Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak 2022., 2023. eta 2024. urteetan atzeman ditu «azalpenik gabeko anomalia» horiek. Txirrindulari gasteiztarra Movistar taldean aritu zen hiru urte horietan, eta bere kirol ibilbideko emaitzarik onenak lortu zituen.

Oier Lazkano. TERESA SUAREZ / EFE
Oier Lazkano, Paris-Roubaix klasikoan. Proba horretan lehiatu da azkenekoz, apirilean. TERESA SUAREZ / EFE
Julen Etxeberria.
2025eko urriaren 30a
18:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) behin-behinean zigortu du Oier Lazkano Red Bull-Bora taldeko txirrindulari gasteiztarra, haren pasaporte biologikoan «azalpenik gabeko anomaliak» ageri baitira. UCIk gaur jakinarazi du behin-behinean zigortu duela Lazkano.

Hain zuzen, aurreko hiru urteetan atzeman ditu UCIk «azalpenik gabeko anomalia» horiek txirrindulari gasteiztarraren pasaporte biologikoan; hau da, 2022., 2023. eta 2024. urteetan. Lazkano Movistar taldean aritu zen hiru urte horietan, eta bere kirol ibilbideko emaitzarik onenak lortu zituen: 2022an, Valoniako Itzuliko etapa bat irabazi zuen, eta bigarren izan zen erlojupekoan Espainiako Txapelketan; 2023an, Boucles de la Mayenne irabazi zuen, baita proba horretako etapa bat ere; Burgosko Itzuliko etapa bat irabazi zuen; eta errepideko Espainiako txapeldun eta erlojupekoko txapeldunorde izan zen; azkenik, 2024an, Jaen Paraiso Interior klasikoan nagusitu zen, eta bigarren izan zen errepideko Espainiako Txapelketan.

Hala ere, zeresan handiena irabazi ez zituen proba batzuetan eman zuen: Belgikako harbideetako klasikoetan. 2023an, Flandrian Zehar lasterketan bigarren iritsi zen, helmugatik 167 kilometrora ihesaldi batean sartu ondoren; eta iaz, Kuurne-Brusela-Kuurnen ere podiumera igo zen, Wout van Aert eta Tim Wellens klasikozale handiekin helmugaratuta —hirugarren egin zuen—. Belgikako harbideetako klasikoetan podiumera igo den euskal ziklista bakarra da. Emaitza horiei gehitu behar zaie iaz astebeteko itzuli nagusietako batean, Dauphine Kriteriumean, ezustekoa eman zuela, sailkapen nagusian bederatzigarren amaituta.   

Movistar taldean lortutako emaitza bikain horiei esker, Red Bull-Bora taldeak oso eskaintza ona egin zion, eta Lazkanok onartu egin zuen. Aurten lehiatu da aurrenekoz talde horretan, baina oso gutxi aritu da. Duela urte erdi ez dela inongo probatan lehiatu. Paris-Roubaix klasikoan hartu zuen parte azkenekoz, apirilaren 13an.

Lazkanok 26 urte ditu, eta seigarren urtea du profesionaletan. Caja Rural taldearekin egin zuen estreinakoa profesionaletan, 2020. urtean. Bi urte egin zituen talde horretan, eta handik Movistarrera egin zuen jauzi. Hiru urtez aritu zen talde horretan, eta iazko urtearen amaieran Red Bull-Bora Alemaniako taldearekin sinatu zuen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.