UEFAk hamar hilabeterako zigortu du Yeray Alvarez Athleticeko jokalaria. Europa Ligan Manchester Uniteden aurka jokatu zuen finalerdia Bilboko taldeak, eta bertan eman zuen positibo bizkaitarrak. Joan den ekainaren 2an zigortu zuten Yeray. Athleticek aipatutakoaren arabera, bere «borondatez» erabaki zuen «behin-behinean» jarduna etetea, eta, ondorioz, apirilaren 2ra arte ezingo du norgehiagokarik jokatu. Hala ere, araudiaren arabera lehiatzen hasi baino bi hilabete lehenago entrenamenduetara itzultzeko aukera izango du. Ilea erortzea ekiditeko bere bikotekidea hartzen ari zen sendagai bat hartu zuen nahigabe, eta horrek dopingean positibo ematen duen substantzia bat zuen. UEFAk adierazi du ez zela «fede txarrez» egin, baina era berean ez dagoela nahikoa arrazoi zigorra saihesteko: «Indarrean dagoen araudiaren arabera, kirolaria egiten dituen ekintzen erantzule da, eta, ondorioz, aurretik jakin behar zuen sendagai hori har zezakeen edo ez.
Jokalariak sare sozialetan jakinarazi zuenez, minbizia gainditu zuenetik alopeziaren aurkako tratamendua jasotzen ari zen, eta positiboaren berri izatean jakin zuen hartutako botika batek debekatuta dagoen substantzia bat duela: «Nahi gabe izan da; kolpea hartu dut, inoiz ez baitut kontsumitu substantzia debekaturik». Barkamena eskatu zuen, eta azpimarratu ahalik azkarrena itzuli nahi zuela zelaietara. Horretarako lanean ari zela adierazi du, «klubaren laguntzaz». «Hasieratik emandako babesa eskertu nahi diot Athletici; konfiantza dut justizian eta kirol instituzioetan», gaineratu zuen.
Ernesto Valverdek lehen taldeko bi erdiko atzelari baino ez ditu orain: Aitor Paredes eta Dani Vivian. Izan ere, azkenean UEFAk ez zuen onartu Aymeric Laporteren izen ematea, eta Unai Egiluzek ezingo du denboraldi osoan jokatu, sasoiaurreko partida batean eskuin belauneko lotailu gurutzatua apurtu baitzuen, eta ebakuntza egin zioten orain egun batzuk.