Futbola

UEFAk Irene Paredes izendatu du Txapeldunen Ligako atzelaririk onena

Final-zortzirenak jokatu zituzten taldeetako entrenatzaileek aukeratu dute Legazpiko (Gipuzkoa) atzelaria txapelketako onena.

Paredes, uztailean, Bartzelonak aurkeztu zutenean. BERRRIA
jon ordonez garmendia
2021eko abuztuaren 26a
19:36
Entzun

Irene Paredes izendatu du UEFAk 2020-2021eko denboraldiko Txapeldunen Ligako atzelaririk onena. Turkian egin du saria emateko ekitaldia UEFAk, Istanbulen, eta han eman du horren berri. Paredes finalerdietara iritsi zen Paris Saint-Germain taldearekin, eta Frantziako Liga irabazi zuen. Jokalari legazpiarra taldeko kapitaina izan zen, gainera.

Iazko sarietan seigarren geratu zen Paredes, eta Wendie Renand izendatu zuten atzelaririk onena. Aurten alderantziz izan da, eta, Paredesen atzetik, Mapi Leon Bartzelonakoa eta Magdalena Eriksson Chelseakoa geratu dira, hurrenez hurren.

Bozketaren emaitza

1 Irene Paredes (Paris Saint-Germain) – 62 puntu
2 Mapi Leon (Bartzelona) – 56 p.
3 Magdalena Eriksson (Chelsea) – 42 p.
4 Ashley Lawrence (Paris Saint-Germain) – 29 p.
5 Marina Hegering (Bayern Munich) – 24 p.
6 Wendie Renard (Lyon) – 16 p.

Paredesek sei partida jokatu zituen joan den sasoian Txapeldunen Ligan, guztira 524 minutu. Bi gol sartu zituen. Saria erabakitzeko, Txapeldunen Liga final-zortzirenetatik aurrera jokatu zuten taldeetako entrenatzaileek eta hogei kazetari adituk eman dute botoa. Bakoitzak hiru jokalari aukeratu ditu, eta lehenengoari bost puntu eman dizkio, bigarrenari, hiru, eta hirugarrenari, bat.

Paredes oporretan zela elkarrizketatu zuen BERRIAk, ekainean. Jokalariak apal erantzun zuen: "Beste urrats bat egin dudan edo ez esatea ez dagokit niri. Nik esan dezakedana da hasieratik oso ondo sentitu nintzela; ez dut aparteko arazo fisikorik eduki, eta taldearen bolada onak ere asko lagundu dit". Azken bost urteek bete egin dutela aitortu zuen Paredesek, eta beretzat "urte ahaztezinak" izan direla gaineratu: "Ez naiz batere damutzen duela bost urte hartu nuen erabakiaz. Pertsona eta futbolari moduan hazi egin naiz, eta horretan jarraitu nahi dut".

Ekainean amaitu zitzaion kontratua PSGrekin, eta Bartzelonak fitxatu du. Uztailean aurkeztu zuen Kataluniako klubak. Aurrera begira, futbolarekin gozatzen jarraitzeko asmoa du, horrek motibatzen duela jokatzeko. Oraindik ere hobetzen eta hazten segitu dezakeela ere esan zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.