UEFAk mehatxu egin du ez duela parte hartuko FIFAk antolatzen dituen txapelketetan

Infantinok, FIFAko buruak, funts pribatu bati saldu nahi dio Munduko Koparen jabetzaren zati bat. Baina horren aurka azaldu da Europako futbol federazioak biltzen dituen erakundea.

Gianni Infantino eta Aleksander Ceferin, FIFAren kongresuan, apirilean. BOB FRID / EFE
Gianni Infantino eta Aleksander Ceferin, FIFAren kongresuan, apirilean. BOB FRID / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko uztailaren 30a
19:34
Entzun 00:00:00 00:00:00

UEFAk iragarri du ez duela FIFAk antolatuko dituen txapelketetan parte hartuko, baldin eta erakunde horretako presidente Gianni Infantinok atzo aurkeztutako proiektuak aurrera egiten badu. Proiektu horretan zera jaso dute: Munduko Koparen partaidetza bat Thrive Capital enpresak hautatutako inbertitzaile pribatu batzuei saltzea 4.000 milioi dolarren truke. Enpresa hori Joshua Kushnerrena da, Donald Trump AEBetako presidentearen suhiaren anaiarena. Infantinok iragarri zuen, FIFAk hori onartuz gero, bikoiztu egingo zuela erakunde horretan dauden 221 federazioen finantzaketa. Hala, federazio bakoitzak 40 milioi dolar gehiago jasoko lituzke. Bestela  2,7 milioi dolar jasoko ditu: %75 gutxiago. Epe bat ere jarri zion FIFAri erantzuteko: irailaren 19a. Baina berehala etorri da erantzuna: «Badira gauza oso garrantzitsu batzuk, saldu ezin direnak. Munduko Kopa futbolarena da, eta Europak ahotsa duen bitartean ez da sekula salmentan egongo», adierazi du ohar batean. 

FIFAk urgentziazko bilera egin du gaur, Infantinoren proposamena dela eta. Aleksander Ceferin buru duen erakundeak «aho batez» hartu du erabakia. «UEFAren barruan dauden 55 selekzioek ez dute FIFAk antolatzen dituen txapelketetan parte hartuko, baldin eta proposamen horrek indarrean jarraitzen badu. FIFAk, gainera, bermatu behar du alde batera utziko dituela txapelketak esku pribatuetan uzteko asmoak».

FIFA egiten ari dena «xantaia» dela salatu du UEFAk oharrean. «Nazioarteko federazioei ultimatum bat egin diete: edo proposamena onartzen dute, edo ondorioak jasango dituzte. Hori ez da erabaki demokratiko bat, hori mehatxuen bidez gobernatzea da. Munduko futbola gobernatzeaz arduratzen den erakundeak ezin du halako erabaki bat hartu. Arduragabea da».  Proposamena «sekretupean» landu duela ere salatu du. «Ez die beste erakunde batzuei kontsultarik egin».

Beste hainbat erakunde ere Infantinoren asmoen aurka agertu dira: Concacaf —Ipar Amerikako, Erdialdeko Amerikako eta Karibeko futbol federazioak biltzen dituen erakundea— eta Frantziako, Erresuma Batuko eta Italiako federazioak, adibidez. Conmebolek —Hego Amerikako futbol federazioen elkartea— eta Afrikako Konfederazioak ez dute adierazpenik egin oraindik gaiaren inguruan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA