Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: D multzoa. Ukraina 2. Suedia 1

Ukrainak irabazi egin dio Suediari, Xevtxenkok sartutako bi goli esker

Ibrahimovicek sartu du lehen gola, baina aurrelari beteranoak emaitza irauli du hamar minutuan

Julen Etxeberria.
2012ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Ukraina. Piatov; Gusev, Mikhalik, Khatxeridi, Selin; Jarmolenko,Timostxuk, Konoplianka (Devic, 92. min.), Nazarenko; Voronin (Rotan, 84. min.). eta Xevtxenko (Milevski, 81. min.).

Suedia. Isaksson; Lustig, Mellberg, Granqvist, Martin Olsson; Elm, Kallstrom; Larsson (Wilhelmsson, 67. min.), Ibrahimovic, Rosenberg (Elmander, 71. min.); Toivonen (Svensson, 62. min.).

Golak. 0-1. Ibrahimovicek (52. min.); 1-1. Xevtxenkok (55. min.); 2-1. Xevtxenkok (62. min.).

Epailea. Cuneyt Sakir (Turkia). Txartel horiak: Suediako Kallstromi eta Elmi.

Bestelakoak. 65.000 ikusle inguru Kieveko Olinpiar Estadioan.

36 urte betetzear, eta bizkarra txiki-txiki eginda, onenak emanda dago Andrei Xevtxenko. Gutxi geratzen da Milanekin Europa bere oinetara jarri zuen jokalari horretatik. Kalitatea, baina, ez da galtzen. Daukanak betiko dauka. Eta Xevtxenkok soberan du kalitatea, eta atzo erakutsi zuen. Bi gol sartu zituen, eta garaipena eman zion Ukrainako selekzioari Suediaren aurka, D multzoko lehen jardunaldiko azken partidan (2-1).

Dinamo Kieveko aurrelariaren lana erabakigarria izan zen, taldeak haren laguntza gehien behar zuenean azaldu baitzen, bigarren zatiaren hasieran Zlatan Ibrahimovicek Suedia aurretik jarri zuenean, hain zuzen. Etxekoen zorionerako, Xevtxenkok hamar minutu eskas behar izan zituen emaitzari buelta emateko. Buruz sartu zituen bi golak: aurrenekoa, Jarmolenkok eskuinetik egindako erdiraketa bat errematatuta; eta bigarrena, korner batean, bizi-bizi, Ibrahimovici aurrea hartuta. Bere lana eginda, Oleg Blokhinek aldatu egin zuen Xevtxenko. Kieveko Olinpiar Estadioa bete zuten milaka zale ukrainarrek zutik eta txaloka agurtu zuten euren heroia. Suediak izan zuen azken aukera, baina ez zuen asmatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.