Arrauna

Urdaibaik irabazi du Getariako bandera, itsaso txarrak baldintzatua

Bi estropadaren faltan, liga irabaztea ere eskura dute bermeotarrek. Bederatzi punturen aldea ateratzen diote Hondarribiari.

Urdaibaiko arraunlariak garaipena ospatzen, Zarautzen (Gipuzkoa), pasa den astean. GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2023ko abuztuaren 27a
14:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baldintza eskasetan ere ondo moldatzen da Bou Bizkaia. Eusko Label Ligako arraunlariek egun petralari aurre egin behar izan diote Getarian (Gipuzkoa). Euria, haizea, olatuak... ausardia behar zen gaur arraunean jarduteko. Eta hor, indartsuenak bizkaitarrak izan dira: Urdaibai eta Zierbena, zeinak buruz buru ibili baitira bandera irabazteko lehian, eta Kaiku, lehen txandako irabazlea.

Orduko 60 kilometrorainoko haize ufadak erregistratu dira Getarian, eta, besteak beste, hamabost minutu berandu hasi da lehen txanda. Han lan bikaina egin du Kaikuk; txandako bigarrenari, Ondarroari, hamabost segundo atera dizkio, eta bigarren txandako ontziek ere ezin izan dute hobetu Bizkaitarra-ren denbora. Baldintzak etengabe aldatu dira, eta bigarren txandaren amaieran atera den denboraleak kalte egin die Oriori eta Getariari, txandako indartsuenei.

Ikusteko zegoen ohorezko txandan zer gertatuko zen, baina faboritoek erakutsi dute zergatik dauden lehen sailkatuen artean. Lehen hiru ziabogetan, Zierbena izan da azkarrena, Urdaibairi hiruzpalau segundo aterata guztietan. Atzerago ibili da Donostiarra, eta dezente atzerago Hondarribia. Bi horien tartean sartu da Kaiku azken sailkapenean.

Azken luzean, ordea, nabarmen onena izan da Urdaibai. Atzetik aurrerakoa egin, eta helmugan lau segundoko tartea atera dio Zierbenari. Ondo bidean, liga ere haientzat izango da. Bi estropadaren faltan, bederatzi punturen aldea ateratzen diote Hondarribiari, eta hamabi ZIerbenari.

Amaitu dute

Liga amaitu dute lehen txandakoek: Kaikuk eta Ondarroak Kontxako Banderan amaituko dute denboraldia; Santurtzik kanporaketa jokatu beharko du; eta mailaz jaitsi da Samertolameu. Galiziarrek zaleen txalo zaparrada jaso dute gaur Getarian, uretaratu aurretik.

Ostegunean Kontxako Banderarako sailkatzeko estropada izango dute traineruek. Baldintzak gaurkoen antzekoek badira, bermatuta daude ikuskizuna eta ezustekoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA