Erakustaldia eman du Tatjana Schoenmaker hegoafrikarrak bular estiloko 200 metroko proban. Irabazteko faboritoa zen, eta ez du huts egin. Azkarrena izan da, eta urrezko domina kolkoratu du 2.18.95 minutuko denbora eginda. Ez hori bakarrik. Munduko marka ere hautsi du. Hobetu egin du 2013an Rikke Moller Pedersenen egindako denbora: 2.19.11.
Erresistentziak eta proba amaierako ahalak eman dio garaipena, Lilly Kingekin lehia izan ondoren. Azkenean, alde egitea lortu du Shoenmakerrek, eta igerilari estatubatuarrak ezin izan dio eutsi hegoafrikarrak ezarritako erritmoari. Harentzat izan da zilarrezko domina. Hirugarren, berriz, Annie Lazorrek amaitu du.
Orokorrean, baina, emakumezkoen igeriketan australiarrak ari dira azkarren igeri egiten Tokion. Gaur beste urre bat eskuratu dute. Emma Mckeonek lortu du, estilo libreko 100 metrokoan bizkorrena izanda. Errekor olinpiko berria ere ezarri du: 51.96ko denboran osatu du proba. Brontzezko domina ere beste australiar batentzat izan da: Cate Campellentzat. Zilarrezkoa, berriz, Hong Kongeko Siobhan Haughey igerilariak kolkoratu du.
Evgeny Rylov errusiarrak, aldiz, Joko hauetan bizkar estiloan erakusten ari den nagusitasuna berretsi du. Berak irabazi zuen 100 metroko proba, eta hura gailendu da gaur 200 metrokoan ere. Hasieratik izan da lasterketaren buru. Bigarren Ryan Murphyk amaitu du, eta hirugarren Luke Greenbankek.
Beste final bat ere jokatu da gaurkoan. Gizonezkoen bizkar estiloko 200 metroko proba. Shun Wang txinatarrak irabazi du urrezko domina, Duncan Scottek zilarrezkoa, eta Jeremy Desplanchesek brontzezkoa.