Gimnastika

Urrezko brontzea

Tokioko Jokoetan amaiera eman diote gimnastika artistikoko lehiaketari. Bilesek hirugarren postua lortu du oreka barrako finalean, eta haren irribarrea izan da irabazle. Hashimoto nagusitu da gizonezkoetan.

Biles, gaur Tokion. HOW HWEE YOUNG / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2021eko abuztuaren 3a
20:31
Entzun

Gimnastika artistikoko atletek azken puntua ipini diote Tokioko Olinpiar Jokoei, asteartean, eta irudi hunkigarri batekin agurtu dituzte: Simone Biles gimnasta estatubatuarraren irribarrearekin. Emakumezkoen aparatuetako azken finalean, oreka barrakoan, lehiatzea erabaki du Bilesek, eta haren parte hartze hutsa lorpen bat da. Podiumean amaitzea, zer esanik ez; nahiz eta emaitza gutxienekoa izan. Puntuaziorik altuenetan hirugarrena erdietsi du gimnasta estatubatuarrak, eta brontzezko domina kolkoratu: urre zaporeko brontzea. Garaipenik handiena, baina, ariketa amaitutakoan marraztutako irribarrea izan da. «Oso gogorra izan da. Jokoetan lehiatzeko aukera bat gehiago izateak mundua esan nahi zuen niretzat».

Asteon ez da lehiatu Biles. Final guztietarako sailkatzea lortu zuen, baina ez zuen horietan parte hartu, osasun arazoak tarteko. Aurrena, taldekako lehiaketatik erretiratu zen, finala hasi berritan. «Nire osasun mentalean zentratu behar dut. Geure burua eta gorputza babestu behar ditugu, eta ez dugu soilik munduak nahi duena egin behar», adierazi zuen 24 urteko gimnasta estatubatuarrak. Geroago, esan zuen bere burua eta gorputza ez zeudela «sinkronizatuta». Finalean, baina, oreka barran aritzeko moduan sentitu da: «Niregatik egin nahi nuen, eta horixe egin dut». Azaldu du azken bost urteak «oso luzeak» izan direla. Bilesen kasuak mahai gainean jarri du buru osasunaren gaia. «Ez gara entretenimendu hutsa; gizakiak gara», azpimarratu zuen atzo AEBetako gimnastak.

Tokion lortutako bi dominekin —AEBek zilarra eskuratu zuten taldekakoan—, zazpi irabazi ditu guztira Bilesek Olinpiar Jokoetan. Azkenekoetan, Rion, urrezko lau domina eta brontzezko bat kolkoratu zituen. Gimnastika artistikoaren azken urteotako izar nagusia da estatubatuarra.

Bi txinatarrekin batera izan da podiumean: 16 urteko Chenchen Guanek eskuratu du urrezko domina, 14,633 puntu pilatuta, eta haren herrikide Xijing Tang izan zen bigarren. Final horrekin itxi dute lehiaketa.

Alabaina, aurtengo Jokoetan badago goraipatu beharreko beste emakumezko gimnasta bat: Rebeca Andrade brasildarra. Banakakoa irabazteko faboritoa zen, baina azken ariketan egindako pare bat akatsen ondorioz eskapatu zitzaion urrea. Bigarren amaitu zuen, Sunisa Lee estatubatuarraren atzetik. Arrastoa utzi du historian, ordea: Brasilgo lehen domina olinpikoa lortu zuen emakumezkoen gimnastikan.

Hiru egun geroago jo zuen goia, jauzi zaldian irabazita: 15,083 puntu pilatu zituen. Fin aritu da brasildarra Tokioko Olinpiar Jokoetan.

Ezin alboratu Lee gimnasta estatubatuarraren parte hartzea ere. Hiru domina lortu ditu: urrezkoa banakakoan, zilarrezkoa taldekakoan eta brontzezkoa barra asimetrikoetan.

Hashimoto nagusi

Gizonezkoetan, Daiki Hashimoto nabarmendu behar da. Japoniako gimnastak balentria egin du Tokion. Banakako finala irabazi du, eta gizonezkoetan gimnastikako inoizko txapeldunik gazteena bilakatu da; laster 20 urte beteko ditu, abuztuaren 7an. Barra finkoko azken ariketan lortu du urrezko domina ziurtatzea; 88,465 puntu batu zituen guztira. Eta, hain justu, barra finkoko finalean ere hura nagusitu da: bigarren urrea eskuratu du. Horrez gainera, zilarrezko domina lortu zuen taldekakoan.

Hasieran, Kohei Uchimura 32 urteko gimnastarengan zegoen jarrita arreta guztia, baina kale egin du. Azken urteotako ikurra eta izarra izan da Uchimura, eta podiumaren gorenean esan nahi zien agur Olinpiar Jokoei. Lesioak tarteko, barra finkoan soilik hartu du parte, baina erori egin da, eta ez da sailkatu finalerako ere. Hura zen banakakoan azken bi Jokoetako garaile; Tokion, Hashimotok hartu dio lekukoa.

Azkenik, hor dago Errusiak taldekakoan lortutakoa ere. Haiek irabazi dute bai emakumezkoetan, bai gizonezkoetan. Gizonezkoek 25 urte zeramaten podiumeko koska gorenera igo gabe; 25 urteren ostean lortu dute atzera irabaztea. Emakumezkoetan, berriz, Jokoen historian aurrenekoz irabazi du Errusiak urrezko domina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.