Hiru urte eta erdi pasatxo joan dira Ibarrarrangeluko Laga hondartzan (Bizkaia) Winters Series zesta-puntako txapelketaren lehen ekitaldia aurkeztu zutenetik. Kinka larrian zegoen orduan zesta-punta: bi hilabete eskas igaroak ziren Daniako frontoia (AEB) itxi zutenetik, Euskal Herriko puntistei luzaroen eta egonkorren jokatzeko aukera eman dien pilotalekua. Egun batetik bestera, lanik gabe geratu ziren makina bat euskal pilotari.
Hiru urte eta erdi geroago, zesta-punta loraldi betean dago: urte osoko denboraldia du Euskal Herrian, Jai Alai liga jokatzen dute gizonezkoetan eta emakumezkoetan, frontoietako harmailak bete egiten dira, eta izugarri egin du gora zesta-puntako eskoletan izena ematen duten gazteen kopuruak. Duela hiru urte eta erdi sortu zen olatua ez da hautsi eta apar huts bilakatu. Aitzitik, gora egiten jarraitu du.
Hori gogoratzeko eta ospatzeko, Lagako hondartzan aurkeztu dute berriro gaur Winter Series txapelketaren bosgarren ekitaldia. Eraman Jai Alai enpresak eta EITBk antolatu dute berriro denboraldiko txapelketarik luzeena eta garrantzitsuena. Urriaren 27an hasiko da, eta ia lau hilabete iraungo du, otsailaren 15ean jokatuko baitute finala. Ohiko legez, finala izan ezik — hori igandean izango da—, astelehenez jokatuko dituzte partida guztiak, Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian (Bizkaia). Lehen jaialdia 18:00etan hasiko da, eta finala, 12:00etan. Beste guztiak, berriz, 19:30ean hasiko dira. Hamazazpi jaialdi jokatuko dituzte, bi egunetan lehiaketako bi partida jokatuko baitituzte jaialdi berean: urriaren 27an eta abenduaren 29an.
Antolatzaileek aurreko ekitaldiaren egiturari eutsi diote. Zortzi bikotek jokatuko dute berriro, bi multzotan banatuta. A multzoan lau bikote hauek arituko dira: Aritz Erkiaga eta Ion Ibarluzea; Johan eta Gorka Sorozabal; Alex Goitia eta Unai Lekerika; eta Ludovic Ladutxe eta Jon Zabala. B multzoan, berriz, beste lau bikote hauek lehiatuko dira: Eñaut Urreisti eta Imanol Lopez; Ekaitz Mendizabal Goixerri eta Mikel Manzisidor; Thomas Urrutia eta Julen del Rio; eta Xabi Barandika eta Thibault Basque. Goixerri da puntista berri bakarra iazkoarekin alderatua: aurrelari mutrikuarrak Jean Olharanen tokia hartu du.
Zortzi bikote horiek hamar jardunaldiko ligaxka jokatuko dute, eta multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuak finalerdietako ligaxkarako sailkatuko dira. Bigarren ligaxka horretan lehen eta bigarren geratzen direnek, berriz, finala jokatuko dute. Erkiagak eta Ibarluzeak txapela irabazi dute azken bi ekitaldietan, eta hirugarrenez egin nahi dute gauza bera. Baina aurkari indartsuak izango dituzte.
Lopez izango da beste protagonista, 41 urteko atzelari zumaiarrak azkenekoz jokatuko baitu Winter Series txapelketa. Irabaz daitekeen guztia irabazi eta gero, erretiroa hartuko du apirilean, jaioterrian. Urrezko gerrikoarekin ariko da azken egunera arte, hura eta Barandika baitira Jai Alai ligako txapeldunak.
Winter Seriesek tiradizoari eusten diote: gaur bertan jarri dira salgai abonuak, eta ziztu bizian saldu dira guztiak.