Norabide ezberdinean dira Osasuna eta Athletic. Gorritxoek okerreko bidea hartu dute, ligako azken bi partidak galdu ondoren. Jaisteko postuak puntu bakarrera dituzte. Zuri-gorriak, aldiz, gora begira jarri dira, Getaferi eta Realari jarraian irabazita. Edonola ere, gauzak estu daude sailkapenean, eta egoera asko alda daiteke jardunaldi bakarrean. Hala, Osasuna puntu bakarrera hurbil dakioke Athletici, bihar elkarren aurka jokatuko duten partidan nagusitzen bada. Kontrara, aldea handitzen saiatuko da Edin Terzicek zuzentzen duen taldea, bigarren astez jarraian derbi bat irabazita. Horretarako, aurrerako urratsa egin beharko du bisitari moduan.
Osasuna are makalago dabil etxetik kanpo. Oraingoz Jagoba Arrasatek ez du joera hori iraultzerik izan, eta talde gorritxoak merezita galdu du azken bi jardunaldietan, Sevillaren eta Deportivoren zelaietan. Bihar, ordea, Sadarren jokatuko du, eta horrek mesede egin beharko lioke. Hala gertatu zen Arrasateren itzulerako partidan: Osasuna 2-0 gailendu zitzaion Racingi. Bihar, etxeko bertsio lehiakor eta dinamikora itzultzen saiatuko dira nafarrak. Derbia irabazita, geldialdira dezentez lasaiago iritsiko lirateke.
Osasunaren berme nagusia Ante Budimir da. Taldeak liga hasiera apala izan duen arren, kroaziarrak zortzi gol sartu ditu dagoeneko. Bere esanetara dituen atezainekin ere pozik da Arrasate; hainbeste, ezen bien alde ari baita apustu egiten. Aitor Fernandez izan zen atepean teknikari bizkaitarraren lehen bi partidetan, baina txanda hartu dio gero Sergio Herrerak. Bietako edozein izan liteke bihar hasierako hamaikakoan. Aimar Orozek, Jorge Herrandok eta Romain del Castillok, ordea, ezingo dute jokatu, min hartuta baitaude oraindik ere.
Espainiako ligako beste partidetan bezala, etenaldia izango da bederatzigarren minutuan, asteartean zendu zen Jesus de Miguel jokalaria omentzeko. Alde horretatik, «aste gogorra» izan dela esan du gaur Arrasatek. «Agian ez dugu onartuta zelai batean horrelako zerbait gertatu ahal dela. Besarkada bat bidali nahi diet haren hurkoei eta taldekideei, baita Jesus Owonori ere». Partidari dagokionez, taldearen «bertsiorik onena» ikusi nahiko luke. «Dugun guztia emateko neurketa izango da. Premiaz iritsiko gara, eta hori ondo dator batzuetan. Segidan geldialdia datorrenez, irabazteak mesede handia egingo liguke».
Sendotasuna du ardatz
Bide onean da Athletic, baina goiko postuetan egonkortu ahal izateko, erregularragoa izan behar du. Edo beste era batera esanda: emaitza hobeak lortu behar ditu bisitari moduan. Celtari irabazi ostean, puntu bakarra lortu zuen Valentziaren kontra, eta esku hutsik utzi zuen Levantek —Rayoren kontrako neurketa bertan behera geratu zen, etxeko zaleen protestak eraginda, markagailua hutsean zela—. Hori bai, talde zuri-gorriak neurria hartua dio Sadarri; bertan jokatu dituen ligako azken hamar partidetatik zazpi irabazi ditu.
Terzicek lehen taldeko aurrelari bakarra du jokatzeko moduan: Iñaki Williams. Gorka Guruzetak lesio larria du belaunean, eta Maroan Sannadik minez utzi zuen zelaia Realaren kontrako derbian. Bihar, halabeharrez, Iñaki Williams izango da jokalaririk aurreratuena. Gol bana sartu du azken bi partidetan, eta boladari jarraipena eman nahiko dio. Era berean, sendotasunari eusten saiatuko da Athletic. Hamar gol jaso ditu orain arte, eta are deigarriagoa dena: atea bost partidatan utzi du hutsean. Realaren aurka, gelditu sorta ikusgarria egin zuen Unai Simonek. Bihar lan gutxiago badu, seinale ona izango da Athleticentzat.
Iñigo Ruiz de Galarreta jokatzeko prest dagoela iragarri du gaur Terzicek. Partida bederatzigarren minutuan eteteak jokoan zer eragin izan dezakeen galdetuta, nahiago izan zuen erantzunik ez eman. «Hau futbola baino askoz ere garrantzitsuagoa da. Ezin dut teknikari bezala hitz egin. Ligak edozein gauza erabakita ere, guztiz errespetatuko dut». Derbiari dagokionez, lehia itxia izango dela uste du. «Elkarren aurka jokatutako azken partidak aztertu ditugu, eta gol gutxi izan dela ikusi dugu. Halako neurketa baterako prestatu gara».