Schalke 04 2. Inter Milan 1

Urrunegi dago iazkoa

Interrek fede gutxirekin jokatu du, eta Schalke ondo merezita sailkatu da Txapeldunen Ligako finalerdietarako

Imanol Magro Eizmendi.
2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Schalke 04. Neuer; Uchida, Metzelder, Howedes, sarpei; Matip; papdopulos, Baumjohann (Draxler, 73. min), Jurado (Schmitz, 86. min.); Edu (Txaristeas, 73. min.) eta Raul.

Inter Milan. Julio Cesar; Maicon, Luco, Rannocchia, Nagatomo; Motta, Zanetti, Stankovic (Pandev, 46. min), Sneijder (Coutinho, 80 min.), Etoo eta Milito.

Golak.1-0. Raulek (45. min.); 1-1. Motta (47. min.); 2-1. Howedesek (80.min).

Epailea. Damir Skomina. Txartel horiak Schalkeko Raul, Schmitz eta Papadopulosi, eta Interreko Lucio, Motta eta Rannochiari.

Bestelakoak. 62.000 ikusle Gelsenkircheneko Veltins Arenan, gorainobete zen.

Jakina zen Inter ez zela iragan sasoikoa eta urrun gelditu direla Txapeldunen Liga irabazi zitueneko garaiak. Jokalariak berdinak dira, eta elastikoa, baina izaera oso ezberdina da. Jose Mourinho zen taldearen arima, eta berarekin eraman zuen txapeldunaren bihotza. Talde gotorra zen iragan sasoian, eta ez zuen inoiz amore ematen. Hamabi hilabete geroago, baina, atzeko lerroa txapelketako ahulenetakoa da, eta erasoan ez du argia ikusten. Bayernen aurkako balentrian xahutu zituen azken adore apurrak, eta Interrek burumakur utziko du lehia, final-laurdenetako kanporaketa 7-3 galdu ondoren. Aurrean, Schalke 04ko zaleek ia ezin dute sinetsi nola iritsi diren finalerdietara, eta Manchester Uniteden aurkako finalerdian amesten jarraitu nahi dute.

Inter aurkako 2-5ekoaren zama ezin astunagoarekin zelairatu zen atzo Gelsenkirchenen. Partida bat bainoago, fede proba bat zirudien, eta berehala ikusi zen Interreko jokalarien buruan zebilena. Etoo izan zen benetan borrokatu zuen bakarra, mirestekoa da kamerundarraren ekina. Lehen minutuetan oldarkor aritu ziren kanpokoak, baina Schalkeren atzeko lerrorekin egin zuten talka. Interrentzat jokoaren ekimena hartzea kalbarioa da, eta Schalkek aukera hobeak izan zituen bizi jokatuz. Alemaniako taldea da finalerdietan ariko diren artean kalitate gutxien duena, baina jokalari aztiak ditu. Baumjohann erdilariak ondo jokatu zuen, baina aztietan aztiena Raul da, eta bera izan zen atsedenaldiaren aurretik Julio Cesarri iskin eginez 1-0ekoa sartu zuena (45. min). Txapeldunen Ligako 71. gola izan zen espainiarrarentzat.

Bigarren zatian Inter pixka bat suspertu zen. Indartsu agertu zen zelai erdian, eta jaberik gabeko hainbat baloi berreskuratu zituen. Gola goiz sartu zuen (47. min.), Luciok korner bat buruz jo 0 eta Mottak ate aurrean baloiaren norabidea aldatu zuenean. Golarekin gora egingo zuela zirudien, gutxienez partida irabazteko asmoz. Baloia hobeto mugitu zuen, baina ez zen Schalke urduritzera iritsi. Are gehiago, etxekoak izan ziren bigarren gola sartu zutenak, baina epaileak ez zuen ontzat eman Howedes jokoz kanpo zegoelakoan (60. min.).

Howedesek hogei minutu geroago atera zuen arantza (80.min.). Schalkek eroso jokatzen zuen, eta Raulek distira egin zuen berriz. Aurrelari beteranoak pase loratua eman zion area barruan atzelari zentralari, eta jaurtiketa bortitzez sartu zuen bigarren gola. Partida bukaera festa izan zen Viltins Arenako harmailetan.

Real Madrilek, eroso (0-1)

Urte luzeko lehortearen ondoren Real Madril Txapeldunen Ligako finalerdietan dago berriz. Atzo 4-0eko abantailarekin zelairatu zen White Hard Lanen, eta Tottenhamekiko aldea zabaltzea lortu zuen itzulerako partidan (0-1). Madrilgo taldea eraginkorragoa izan zen, eta Cristiano Ronaldok sartu zuen gola (47. min), Gomes atezainaren laguntzarekin. Real Madrilek Bartzelona izango du aurkari finalerdietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.