Futbola

Urte berrian, buruhauste ugari

Pellegrino Matarazzok erronka ugari ditu: eraginkortasun handiagoa izatea ate aurrean, sakontasunez aritzea jokoan eta defentsako hutsegite larriak saihestea, besteak beste. Gaur zuzenduko du aurrenekoz Reala Anoetan, Atletico Madrilen aurka.

Pellegrino Matarazzo, pentsakor, Zubietan egindako entrenamendu batean. JAVI COLMENERO / EFE
Pellegrino Matarazzo, pentsakor, Zubietan egindako entrenamendu batean. JAVI COLMENERO / EFE
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2026ko urtarrilaren 4a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Realak urte berriari promes eta erronka berriak jarri beharko dizkio, Pellegrino Matarazzoren gidaritzapean. Idazmahaia paperez josia izango du entrenatzaile estatubatuarrak, taldeak buruhauste asko baititu. Gaur jokatuko du Realak urteko lehen partida, Anoetan, Atletico Madrilen aurka (21:00, DAZN), eta entrenatzaile iritsi berriak ez ditu lan saio asko egin taldea behar bezala prestatzeko, baina bere zigiluaren lehen zertzeladak ikusteko balioko du. Jon Gorrotxategik eta Igor Zubeldiak ez dute jokatuko, Levanteren aurkako partidan bosgarren txartel horia atera baitzieten biei. Yangel Herrera eta Iñaki Ruperez ere ez dira ariko, min hartuta baitaude. Ander Barrenetxea, berriz, osatu egin da.

Defentsan, hauskor

Partida bakoitzeko gol bat eta erdi

Alex Remiroren atea gutxienez behin zulatu dute aurkariek partida bakoitzean. Guztira, ligan jokatutako hamazazpi partidetan, 25 gol jaso dituzte txuri-urdinek: ia 1,5 partidako. Beste modu batera esanda, Realak golik sartu ezean, nekez bildu dezake alerik. Hutsegite ugari egin dituzte atzean, azkena Arkaitz Mariezkurrenak egindako penalti inozoa Levanteren aurka.

Bigun aritu dira txuri-urdinak, eta garesti ordaindu dituzte hutsegiteak. Atzeko lerroan Zubeldiak, Sergio Gomezek eta Jon Mikel Aramburuk jokatu dute gehien. Azkoitiarraren alboan, txandakatze gehiago egin ditu Sergio Franciscok. Denboraldi hasieran Duje Caleta-Carren aldeko apustua egin zuen, eta amaieran, Jon Martinek gehiago jokatu du. Kezkatzeko modukoa da atzelari kroaziarrak eman duen maila. 

Baloia edukitzeari, etekin handiagoa

Gorrotxategiren itzalpean, Brais eta Soler

Realaren buruhausterik handiena baloia edukitzeari etekina ateratzea izan da. Sergio Franciscoren taldeak horizontalki ez du zailtasunik izan baloia alde batetik bestera mugitzeko, baina kosta egin zaio bertikalki jokatzean, aurrera egiterakoan. Zelai erdian, iparrorratza Gorrotxategi izan da, eta azken partidetan oso ondo aritu da. Baloi gehien berak berreskuratzen ditu, eta pase gehien mozten dituena ere bera da. Gainera, fisikoki nekaezina dirudi. Neurketa amaieretan alde batetik bestera korrika jarraitu izan du, beste batzuek hankak nekatuta zituztenean.

Horren adibide dira Brais Mendez eta Carlos Soler. Oinetan duten kalitate printzen zantzuak agerikoak dira, baina ekarpen askoz handiagoa egin behar diote taldeari: adibidez, lerroen arteko paseak bilatuz, edo aurrelariei gola egiteko aukera egokiak sortuz. Solerren etorrerarekin batera, Pablo Marin gutxiago ari da jokatzen, nahiz eta hasieran Soler aulkian eduki zuen Sergio Franciscok. Herrera, berriz, hiru partidatan izan ezik, gainerakoetan min hartuta egon da, eta hura jokatzen ikusteko irrikaz daude realzaleak. Horretarako, baina, oraindik zerbait gehiago itxaron beharko dute. 

Aurrelari peto bat falta

Oskarssonen hutsunea

Gol eskasiaren arazoak bere horretan jarraitzen du, eta Orri Oskarsson luzaroan lesionatuta egoteak ez du batere lagundu. Ligan gol gehien sartzen dituzten taldeen artean bederatzigarrena da Reala: 21 sartu ditu. Baina atera gehien jaurtitzen dutenen artean seigarrena da. Eraginkortasunari dagokionez, beraz, badu zer hobetua. Aurreko lerroa indartzeko etorri den jokalari bakarra Gonçalo Guedes izan da. Portugaldarrak bizitasuna eman dio jokoari, eta behin baino gehiagotan arriskua sortu du aurkariaren bizkarrari eraso eginda. Golei dagokionez, hiru sartu ditu, Braisek eta Barrenetxeak bezainbeste. Gol gehien sartu dituena, berriz, Mikel Oiartzabal izan da: bost. Umar Sadiqen eta Jon Karrikabururen ekarpenak, ordea, ia hutsalak izan dira.

Harritzekoa izan da Oiartzabal eta Oskarsson min hartuta egon direnean Sergio Franciscok lehenago egin duela nigeriarraren alde, Elizondokoaren (Nafarroa) alde baino. Gaurko, aurrelari peto guztiak izango ditu erabilgarri Matarazzok. Barrenetxea ere osatu egin da. Hura erabakigarria izan da hainbat partidatan, baina lesioek segida izatea eragotzi diote. Take Kubo, berriz, ohi baino apalago ari da. Bien ekarpena ezinbestekoa izango da jokoan, haiek baitira buruz buruko jokaldien bitartez aurkariaren defentsa lerroan desoreka gehien sortzen dutenak. 

Berpiztu beharrekoak

Sucic eta Zakharian

Matarazzoren beste zereginetako bat izango da Luka Sucicen eta Arsen Zakharianen mailarik onena berreskuratzea, batez ere kroaziarrarena. Imanol Alguacilentzat funtsezko pieza izan zen joan den denboraldian. Baloia oinetan gidatzen zuenean arrisku handia sortzen zuen, eta Realak luze jokatu behar zuenean, bera zen erreferentzia nagusia goitik baloiak irabazteko. Denboraldi honetan, baina, apenas jokatu duen. Sergio Franciscorentzat azken aukera izan zen, baina, azken bi partidetan hasieratik jokatu du, eta nahiko txukun aritu da. Errusiarrak, berriz, ligan partida bakarra jokatu du hasieratik. Hirugarren denboraldia du Realean, eta lesioengatik jarraitutasunik izan ez duen arren, sasoi honetan erregulartasun nahikoa izan du. 22 urte baino ez du, baina badu garaia aurrerapauso bat emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.