Urte zaila goxatu nahi dute

Patri Espinar-Naroa Agirrek eta Amaia Aldai-Oihana Orbegozok Laboral Kutxa Masterreko finala jokatuko dute bihar eguerdian, Arrigorriagan. Ez dago faboritorik, eta lehia estua espero da

Naroa Agirre, Oihana Orbegozo eta Amaia Aldai, joan den asteartean, finalaren aurkezpenean. Patri Espinar ez zen egon. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Koronabirusak hankaz gora jarri ditu kirol ekitaldi guztiak, baita pilotakoak ere. Aurreneko olatuak Emakume Master Cupeko binakakoa eten zuen, eta hiru hilabete geroago izan bazen ere, lortu zuten osorik jokatzea. Baina bigarren olatua gogorragoa izan da. Nafarroako eta Errioxako pilotariek batetik bestera mugitzeko aukerarik ez dutenez, antolatzaileek bertan behera utzi zuten lau eta erdikoa. «Pilotariek jokatzen eta lehiatzen segitzeko aukera izan zezaten txapelketa malgua antolatzea erabaki genuen: Laboral Kutxa Masterra», dio Iker Amarika Emakume Master Cupeko antolatzaileak. Hiru jardunalditan jokatuko zen, zortzi bikotek hartuko zuten parte, euren artean ordezka zitezkeen, eta pilota mistoarekin ariko ziren. Bi onenek finala jokatu zuten.

Bada, bihar da eguna, bihar banatuko dituzte txapelak, Arrigorriagan (Bizkaia). Amaia Aldai (Dima, Bizkaia, 2000) eta Oihana Orbegozo (Azpeitia, Gipuzkoa, 1985) ariko dira batetik, eta Patri Espinar (Usansolo, Bizkaia, 1985) eta Naroa Agirre (Zestoa, Gipuzkoa, 2003) bestetik. 12:00etan hasiko da jaialdia, hirugarren eta laugarren posturako partidarekin: Ainhoa Ruiz de Infante-Miriam Arrillaga eta Olatz Arrizabalaga-Gentzane Aldrenairen artekoa. Neurketa hori amaitzean jokatuko dute finala. ETB1ek zuzenean emango du jaialdi osoa.

Ez dago faboritorik. Maila berekoak dira bi bikoteak. Ia modu berean daude osatuta: bietan dago beterano bat eta gazte bat. Eskarmentuan dago aldea. Espinar bakarrik aritu da Emakume Master Cupeko bi txapelketa nagusietako finaletan: lau eta erdian, behin izan da txapeldun, eta beste behin txapeldunorde; binakakoan, berriz, bitan izan da txapeldunorde. «Azken bi finalak galdu eta gero, badut gogoa hirugarrenean txapela irabazteko. Sekulako gogoa dugu Norak eta biok», dio. Eskuak ditu kezka. «Odolaren zirkulazioko gaixotasun bat dut, eta hotzak kalte egiten dit. Sufritu egin nuen finalerdietan, baina hobera egin dut. Ea ez dudan arazorik. Badakit Norak berea emango duela. Lasai aritzeko eta pilota eramateko eta baztertzeko eskatu nion, eta bikain egin du. Hura izan da bikoteko onena».

Agirre ere jokatzeko «irrikan» dago. «Eguna iritsi ahala, nerbioak azalduz doaz. Horregatik, lehenbailehen jokatu nahi dut». «Pozik» dago ere lau eta erdikoa bertan behera geratu ostean, aukera izan dutelako beste txapelketa bat jokatzeko, eta finalera iritsita, «aho zapore gozoarekin» amai dezaketelako «urte arraro hau». Lehen finala du, eta horrek «ilusio berezia» egiten dio. «Telebistan emango dute, eta hori polita da». Final «parekatua» espero du. «Antzeko maila dugu bi bikoteek. Denok dauzkagu gure baliabideak». Ziur da estreinakoaren nerbioak izango dituela, baina ziur da ere mesede egingo diola Espinarren gisako «pilotari eskarmentudun batekin aritzeak».

Bi bikote, bi jokamolde

«Oso pozik gaude Oihana eta biok finala jokatzeagatik, eta urte gatz eta arraro hau amaitzeko modurik onena litzateke txapela irabaztea». Aldaik segituan eman du bere desioaren berri. Hark ere argi du partida «oso borrokatua» izango dela. «Biok gara bikote gogorrak. Bakoitzak bere jokatzeko era du: gu indartsuagoak gara, eta abiadura handiagoa ematen diogu pilotari; haiek, berriz, teknikoagoak dira». Argi du egitekoa: «Indartsu jokatu behar dugu, Patri hiru eta erdian izan, eta aurrean jokaldia amaitu. Eskuko minez izan den arren, ziur gaude Patrik guztia emango duela».

Orbegozo ere «oso pozik» dago pilota mistoarekin aritu den aldian finala jokatuko baitu. «Aldaketa handia da: jokoa biziagoa da, eta eskuek gehiago sufritzen dute. Baina oso gustura aritu naiz». Itxaropentsu dago finalari begira. «Gurea ematen badugu, aukera izango dugu irabazteko. Horretarako, bete-betean hasi behar dugu, Naroari pilota baztertzen saiatu behar dugu, eta aurrean tantoa amaitzen asmatu. Ikaragarria litzateke urte xelebre hau txapela irabazita amaitzea».

Laurek dute pena finalean ikuslerik gabe ariko direlako, baina txarrari ona atera diote: «Lasaiago» ariko direla esan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.