Athleticeko jokalaria

Leire Baños: «Uste dut gai izan gaitezkeela aurreko sasoikoa hobetzeko»

Levanten eman ditu azken hiru urteak Leire Bañosek, baina Euskal Herrira itzuli nahi zuen. Hala, ez zuen bitan pentsatu Athleticek eskaintza egin zionean. Gustura dago bertan.

Leire Baños
OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Lezama
2024ko irailaren 7a
05:05
Entzun

Entrenamendua amaitu, eta bazkaldu berritan azaldu da Leire Baños Athleticeko jokalaria (Irun, Gipuzkoa, 1996) Lezamako kafetegira. Parez pare du talde zuri-gorriak jokatu ohi duen zelaia. «Gozatu eta gozarazi egin nahi dut», dio. Zuri-gorriek bihar ekingo diote ligari, Levanteren zelaian (12:00)

Nola joan zaizkizu lehen bi hilabete hauek Athleticen?

Egia esan, ondo. Oso gustura eta eroso nago, eta azkar egokitu naiz. Multzoa eginda zegoen, baita proiektua ere, eta pixkanaka joan naiz ezagutuz bai taldekideen mugitzeko eta jokatzeko modua, bai entrenatzaileak eskatzen duena ere. Gogotsu nago ligari ekiteko.

Gogoa zenuen etxetik gertu bueltatzeko?

Bai. Familiarekin egotea oso gustuko dut, eta Realetik Levantera joatea asko kostatu zitzaidan duela hiru urte. Valentzian oso zoriontsu izan naiz: hiru urte zoragarri igaro ditut. Baina sentitu nuen amaitu zela nire aroa, eta etxetik gertu egoteko beharra nuela, ilobak hazten ikusteko eta etxekoekin egoteko. Itzultzeko garaia zela iruditu zitzaidan.

Horretaz gain, zerk erakarri zintuen Athleticen eskaintzatik?

Oso denboraldi ona egin berri zutela. Haien partida asko ikusi nituen aurreko sasoian, eta oso identifikatuta sentitzen nintzen haien jokatzeko erarekin eta filosofiarekin. Asko gustatu zitzaidan. Eskaintza egin zidatenetik, gainera, gauzak oso erraz jarri zizkidaten. Hona etortzeko erabakia hartzea oso erraza izan zen: ez nuen asko pentsatu behar izan.

Realean taldekide izan zenituen hainbat jokalarirekin elkartu zara berriro: Nahikari Garciarekin, Mariasun Quiñonesekin, Itsaso Uriarterekin, Maddi Torrerekin eta Adriana Nanclaresekin. Berezia izango zen berriro ere haiekin aldagelan egotea, ezta?

Oso berezia. Urte asko egon nintzen Realean haiekin jokatzen, une asko partekatu genituen, eta Espainiako Kopa bat ere irabazi genuen. Nork esan behar zigun berriro elkartuko ginenik. Ilusio handia egiten dit, eta oso polita da berriro elkartzea. Horrek are gehiago erraztu dit egokitzapena. Pentsa, Athleticek eskaintza egin zidanean, Nahikariri deitu nion lehenbizi, lagun handia baitut.

«Oso berezia eta polita da Realean taldekide izan nituen askorekin berriro ere aldagelan egotea. Ilusio handia egiten dit»

Zertan aldatu zara Levanteko esperientziaren ondoren?

Uste dut aurrerapauso bat eman dudala pertsona eta jokalari moduan. Hierarkia eta esperientzia handiagoa daukat, eta hori eman nahi diot taldeari. Hori nahi nuen Levantera joan nintzenean, eta lortu dudala uste dut. Hemen nire onena ematen jarraitu nahi dut, eta gauza handiak lortu. Gozatu egin nahi dut, eta gozarazi.

Zer iruditu zaizu denboraldiaurrea? Nola iritsi zarete ligako lehen partidaren atarira?

Denboraldiaurrea oso ona izan dela uste dut. Talde sendo bat izan garela uste dut, eta aurkariei kosta egin zaie guri gola egitea. Agian, zelai erditik aurrera apur bat eraginkorragoak izatea falta izan zaigu. Baina, bestela, balorazioa oso positiboa izan da. Pozik amaitu dugu, kontuan hartuta aurrean aurkari onak izan ditugula. Beti dago zer hobetua, are gehiago denboraldi hasiera honetan. Baina baikor ekin diezaiokegu sasoiari.

Lehen norgehiagoka Levanteren aurka jokatuko duzue, zure talde ohiaren aurka. Pizgarri asko dituen partida izango da zuretzat, ezta?

Dudarik gabe. Egutegia zozkatu eta gero, lehen partida hori zela ikusi nuenean, horixe pentsatu nuen. Egia da jokalari askok utzi genuela taldea aurreko denboraldia amaitu ostean, baina asko maite dudan jendea dut han, eta gogoa dut haiek ikusteko. Partida oso lehiatua izango da, eta ziur nago Levantek aurreko sasoiko porrotaren arantza atera nahiko duela. Neurketa zaila izango da, eta bete-betean atera beharko dugu. Haiek hala irtengo dira. Lehen minutu horiek funtsezkoak izan daitezke. 

Iragan denboraldiarekin alderatuz, Levante desberdin bat espero duzu?

Ez dakit. Argi dago taldea asko aldatu dela, eta 20 urtez azpiko Munduko Txapelketan hiru jokalari garrantzitsu dituztela. Baina uste dut taldea ondo lehiatuko dela, aurreko sasoian bezala; nahiz eta agian ez duen presioa hain goian egiten. Baina gauza berriak proposatuko ditu, eta adi egon beharko dugu. Jokalari oso onak ditu. Ondo fitxatu du, eta aurreko sasoitik ere jokalari garrantzitsuak geratu dira taldean. 

Iragan denboraldian bosgarren izan zineten. Hori berriz lortzeko moduan al zaudete?

Hori da helburua. Arreta hor dugu jarria. Gutxienez berdindu egin nahi dugu, eta zergatik ez, hobetu. Horretarako nahikoa gaitasun dugula uste dut. Multzoa mantendu egin da, eta ea etorri garenek gure ekarpena egin dezagun goian egoten jarraitzeko.

Aurkariek gehiago erreparatuko dizuetela iruditzen zaizu?

Athletic ez da ezustea izango aurkarientzat. Beste taldeak jakitun daude nolako talentua dagoen hemen, eta saiatuko dira gu estu hartzeko gauzak egiten. Guk, ordea, gureari erreparatu behar diogu. 

Zer talde ikusten dituzu Europarako lehia horretan?

Ez naiz ausartzen aurreikuspen hori egitera. Kontuan izan behar da borroka horretan egon daitezkeen talde askotan aldaketa sakonak egon direla, eta ikusi beharko da nola erantzuten duten. Espero dudana da gu hor egotea.

Nola ari zara moldatzen taldearen jokatzeko erara?

Ondo. Aipatu bezala, oso gustuko dut taldeak nola jokatzen duen. Baloia izan nahi dugu, eta atzetik jokatzen hasi nahi izaten dugu. Euskarrian jokatuta, eta ditudan ezaugarriak kontuan hartuta, jokatzeko era aproposena da niretzat. Uste dut asmatu dudala hona etorrita. 

«Oso gustuko dut taldeak nola jokatzen duen. Euskarrian jokatuta, eta ditudan ezaugarriak kontuan hartuta, jokatzeko era aproposena da»

Zer moduz entrenatzaile berriarekin? Zer eskatu dizu hasiera honetan?

Oso gustura. Asko gustatzen zait nola lan egiten duen eta nola zaintzen dituen partida eta entrenamendu guztien detaileak. Etengabe errepikatzen digu zein garrantzitsua den ondo entrenatzea. Lehen asteetan lasai egoteko eskatu zidan, egokitzeko; orain, berriz, baloiarekin protagonista izateko.

Taldeko gazteen artean nork piztu dizu gehien arreta?

Ailegatu nintzenetik esan izan dut gazteak luzerako geratzeko iritsi direla, zerbaitegatik daudela lehen taldean. Denek piztu didate arreta, baina izen bat esan beharko banu, Sara Ortegarena izango litzateke. Banekien oso jokalari ona zela, baina egunerokoan ikusita, gaitasun asko ditu. Gainera, oso gaztea da. Harrobian egiten den lan onaren isla da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.