Futbola merkea dela esan dugu txoko honetan, baina kamiseta, praka, galtzerdi, toalla eta botak mantendu behar direla ezin ahaztu. Arropa hori guztia etxera ekartzen denean normalean saskian utzi eta handik egun batzuetara armairuan agertzen da. Magia ematen du, baietz? Eskerrak konturatzeko bakoitzaren amak gu gustura ikusteagatik isilean egin duen lanari. Ze orain oroitzen ari naiz hondartzan jolasten genuenean aldageletara sartzerakoan zenbat pisatzen zuen poltsak eta dutxatu ostean zenbat hondar eta ur eramaten genuen arropari erantsita etxerako bidean. Edo putzua eta lokatza zenean, nola nahita sartu eta erortzen ginen. Gaur belarrezko zelai gutxiago daude, belar artifiziala nagusitu delako, eta lokaztuta bueltatzeko aukera gutxiago dago, amen zorionerako.
Profesionalek amak ere badituzte, eta etapa horretatik pasata egongo dira, baina euren semeek profesional izatearen pozez gain beste poz bat ere badute. Nahiz eta sarriago futbolean aritu entrenamenduko eta partidetakoa arropa garbitzen lana elkarteek bere gain hartzen dute.Eta lan hori utilleroak betetzen du. Ez nahastu pilotalekutako botilleroekin.Egunero takila bakoitzean norberak duen zenbaki azpian entrenatzeko arropa eta botak prest edukiko ditu. Takoekin entrenatu nahi duenak berari eskatu eta ekartzen dizkizu. Zelaian zaudenean eta ura behar bada berak dakar. Baita bestelakoak, petoak, zirak... Saioa bukatzerakoan toallak aldagelan dira, baita entrenamenduko beste ekipamendua, izerditakoa lehenbailehen kendu eta lehorra janzteko. Bota zikinak kendu. Grasa emateko prest utzi. Urez hornitu jokalariak. Eta arropa zikin guztia labanderira eraman.Orain artekoa asteguneko lana da. Asteburuetarako partidako zein ekipamenduarekin jokatuko den pentsatu behar du, etxetik kanpo denean eta bigarren ekipaia aukeratzerakoan, arerioarenarekin ez nahasteko, noski. Batzuen batzuk bezperan furgoneta batean joaten dira bidaia oso urruti denean eta aireportuak sortzen dituen atzerapenak eta galtzeak saihestearren. Partida jokatu, kamisetak zenbatu eta falta direnak apuntatu. Gero, horiek jokalariaren kontu korrontetik deskontatzen dira. Horregatik, jokalari batzuei ez zaie batere kostatzen kamisetak aldatzea edo ematea, eta besteei bai.Beraz, amaren falta ia utilleroek betetzen dutela esan dezakegu, nahiz haren goxotasuna lortzen ez den.Ohar bat, bukatzeko: kamiseta bat nahi duenak utilleroari eska diezaiola.
Utilleroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu