Txirrindularitza

Valverderentzat Tourreko lehen etapa eta lidergoa

Nagusitasun handia erakutsi du etapa bukaerako aldapa gogorrean. Segundo bateko aldea atera dio tropelari. Gilbert izan da bigarren, Pineau hirugarren.

2008ko uztailaren 5a
18:50
Entzun 00:00:0000:00:00
Alejandro Valverde (Espainia, 28 urte; Caisse d'Epargne taldea) da Frantziako Tourra irabazteko faborito nagusietakoa, eta garbi erakutsi du hori gaur behintzat, lehen etapa berak lortu duelako. Maillot horia ere harentzat izan da. Brest-Plumelec etapa korritu dute (197,5 kilometro), eta bukaeran 1,7 kilometroko igoera izan dute, %6,2ko batez besteko pendizearekin. Stefan Schumacher saiatu da helmugara bakarrik iristen, harrapatu egin dute, ondoren Kim Kirchenek jo du erasoa, baina Valverdek erraz harrapatu eta etapa irabazi du. Segundo bateko aldea atera dio tropel nagusiari. Etapan ez zeukaten gainsaririk, aurten tarteko helmugetakoak kendu egin dituztelako.

Philippe Gilbert heldu da bigarren, Jerome Pineau hirugarren, Kim Kirchen laugarren, Riccardo Ricco bosgarren, Cadel Evans seigarren, Frank Schleck zazpigarren. Lehen euskal txirrindularia, Mikel Astarloza, 24. postuan, aurrekoen denbora berean.

Aurretik, 17. kilometrotik, Ruben Perez (Euskaltel-Euskadi), David de la Fuente, Jose Luis Arrieta, Geoffroy Lequatre, Thomas Voeckler, Bjorn Schroder, Lilian Jegou eta Stephane Auge ihes eginda egon dira -7.30ko aldea eduki dute-, haietatik gero alde egin dute De la Fuentek eta Jegouk -helmugarako 34 falta zirela-, baina tropelak harrapatu egin ditu sei kilometro geratzen zirela.

1967az geroztik aurten ez dute Tourrean aitzin-etapa motza izan.

Bihar korrituko dute bigarren etapa: Auray-Saint Brieuc (164,5 kilometro). Laugarren mailako lau mendate izango dituzte eta hirugarren mailako bat.

Hilaren 27an bukatuko da itzulia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.