Ostiralean Lojan, eta gaur Kordoban: aurtengo Espainiako Vueltako bi etaparik beroenetan Wout van Aert (Visma) gailendu da. Vismak sei garaipen lortuak ditu jada Vueltan —bi Van Aertek eta lau Matthew Brennanek—, eta beste behin erakutsi du askotariko agertokietan irabazteko gai dela. Etapa kontrolpean izaten ahalegindu da taldea, ez du lortu, baina, halere, ez du axola izan; Brennanek esprintean irabaztea zen A plana, eta, hark huts egin duen arren, B planak funtzionatu du, Van Aertenak.
Antolakuntzak, 40 gradutik gorako tenperaturak iragarriak zituztela ikusita eta txirrindularien eskariei jaramon eginda, atzo  erabaki zuen gaurko etapa 80 kilometro moztea. 190 kilometro egin beharrean, 110 egin dituzte txirrindulariek.
Eguneko lehen ihesaldia kontrolatzea eta harrapatzea bai, hori lortu du Vismak. Iheslarien artean zen, besteak beste, Xabier Mikel Azparren (Pinarello). Horren ostean, beste ihesaldi bat osatzeko saiakera mordoxka izan dira Artafiko portuan, helmugatik 36 kilometrora. Bost lagunek osatu dute taldetxoa, azkenean: Van Aertek, Romelek (Astana), Nysek (Lidl-Trek), Debruynek (Alpecin) eta Leknessundek (Uno-X). Bederatzi lagun izan dituzte atzetik, baina gutxi gorabehera minutu baten aldearekin heldu dira azken kilometrora.
Ihesaldiko indartsuena Van Aert zela jakinda, taldetxoa hausteko saiakera ugari izan dira azken bost kilometroetan, baina Vismako klasikomanoak guztiei erantzun die. Amaiera, gainera, gustuko dituen horietakoa zen, zertxobait maldan gora. Duela bi urte ere gailendu zen helmuga berean, eta emaitza bera lortu du gaur. Indartsuena zen, eta erakutsi besterik ez du egin.