Van der Poel nagusitu da Tourreko azken etapa epikoan

Aurtengo Tourraren irabazle Pogacarrekin batera, lehia eta elkarlan irakaspena eman du. Esloveniarrak bosgarren Tourra poltsikoratu du.

Van der Poel eta Pogacar, lasterketa buru, Montmartreko gainean, gaurko etepan. TERESA SUAREZ / EPA / EFE
Van der Poel eta Pogacar, lasterketa buru, Montmartreko gainean, gaurko etepan. TERESA SUAREZ / EPA / EFE
Edu Lartzanguren.
2026ko uztailaren 26a
20:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amaiera ikusgarria izan du Tourrak gaur, Montmartreko igoerei esker. Etapa irabazteko bi faboritoek elkarlan eta lehia erakustaldi ederra eman dute, eta, azkenean, Mathieu van der Poel nagusitu da. Tadej Pogacarrek bosgarren Tourra irabazi du.

Montmartreko aldapak bigarren aldiz igo dituztenean, tropeletik ihes egin dute Pogacarrek eta Van der Poelek. Ondoren, Evenepoel eta Pedersen gehitu zaizkie, eta lehia bizia jarri dute lasterketaren buruan. 

Halere, Parisko garaipen arkutik igarotzean, tropelak harrapatu egin du multzoa. Baina aurretik zuten hirugarren igoera, azkenekoa, eta bistan zen hor erabakiko zela etapa.

Edonola ere, zalantzan zegoen zenbateko indarrarekin helduko ziren Parisko maldarik aldapatsuenetara.

Bizi-bizi hasi dira igotzen Pogacar eta Van der Poel. Azken hori jarri zaio aurretik liderrari harrizko kaleetan gora, baina esloveniarra gurpilari itsatsita eduki du atzetik.

Ziztu bizian egin dute jaitsiera biek, helmugarako bederatzi kilometro falta zirela. Eskuz esku aritu dira biak azkeneko kilometroetan, eta bost bat segundoko tartea atera diote tropelari. Elkarri txanda egiten aritu dira biak, tropelari ateratzen zioten zuloari eusteko asmoz. Atzera begira ibili dira ordekan, biak bakarrik helmugaratzeko itxaropenez.

Pogacarrek txanda luzeak egin dizkio Van der Poeli sei kilometro falta zirela, eta 11 segundo atera dizkiote tropelari berriz garaipen arkutik igaro direnerako. 

Tropelak, halere, erritmoa azkartu du helmugarako bi kilometro falta zirela, eta tartean laburtzen hasi da. Van der Poelek Pogacar atzean utzi du azken kilometroan, eta helmugan gailendu egin da azkenean.

Van der Poelen taldekide Philipsen sartu da bigarren, eta Pedersen hirugarren.

Konforme egongo da Pogacar, halere: UAEkoak irabazi du aurtengo Tourra, eta dagoeneko bost eraman ditu etxera. Jacques Anquetil, Eddy Merckx, Bernard Hinault eta Miguel Indurain nafarraren pare jarri du bere izena tour gehien irabazi dutenen zerrendan.

Sailkapen orokorrean, bigarren egin du Remco Evenepoelek, hirugarren Isaac del Torok, laugarren Paul Seixasek eta bosgarren Lenny Martinezek.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA