Vicente Morenok ez du jarraituko Osasunan

Denboraldi batez aritu da Nafarroako taldea gidatzen. Teknikariari gustatuko litzaioke kluba «Europarako sailkatuta uztea».

Vicente Moreno Osasunako entrenatzailea. JAVIER ZORRILLA / EFE
Vicente Moreno Osasunako entrenatzailea. JAVIER ZORRILLA / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2025eko maiatzaren 14a
15:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Vicente Moreno entrenatzaileak ez du jarraituko Osasunan datorren denboraldian; sasoi batez aritu da Nafarroako taldea gidatzen. Hala ere, argi esan du: «Gustatuko litzaidake kluba Europarako sailkatuta uztea». Hark hartu du taldetik joateko erabakia, luze hausnartu eta gero. Gaur jakinarazi die klubeko kideei eta jokalariei ere.

Hiru partida falta dira liga amaitzeko, eta hamargarren dago Osasuna. Hiru puntura du zortzigarrena; hots, Konferentzia ligara sailkatzeko modua emango liokeen postua. Horra hurbiltzeko, kontrario indartsu bati irabazi beharko dio bihar, etxean: Atletico Madrili. Hain zuzen, partida horren bezperan jakinarazi du teknikariak ez duela jarraituko hurrengo denboraldian. «Nire azken bi partidak izango dira Sadarren, eta dena emango dut Osasuna Europarako sailkatuta uzteko. Amaiera bikaina emango genioke, eta badugu aukera hori». Bukaeraraino borrokatuko direla azpimarratu du, «zaila» dela badakien arren.

Hala ere, Europarako sailkatu edo ez, Morenok argi utzi du ez duela segituko: «Denboraldia amaitutakoan ez dugu hitz egin beharrik izango. Oso harreman ona dut klubarekin, baina erabakiak hartu behar dira, eta askotan sentitzen dudanari egiten diot jaramon».

Azken-aurreko partida ere etxean jokatuko du Osasunak, igandean, Espanyolen aurka —hori izango da Moreno Sadarko aulkian eseriko den azkeneko aldia, oraingoz behintzat—. Azken partidan, berriz, Alavesi egingo dio bisita. Teknikariak derbi batekin amaituko du, beraz, Osasunan egindako bidea.

Azken txanpan Sadar gotorleku izatea nahi du. «Denboraldi hasieran ligarako eta Koparako jarri genituen helburuak bete ditugu, eta, orain, sasoiari ginga jar diezaiokegu». Atletico Madril aurkari ahaltsua da, baina ziurtatu du taldean lan eginda «edonori irabazteko» gai direla. «Taldean konfiantza osoa dut, baita Sadarren ere».

Iruñean oso maitatua den Jagoba Arrasateren lekukoa hartu zuen Vicente Morenok denboraldi honetarako. Sasoi baterako bakarrik sinatu zuen kontratua, eta ez du luzatu nahi izan. Arrasateren ostekoa izanda, ez zuen erronka makala, Berriatuko teknikariak oso goian jarri baitzuen langa. Hala ere, oso ondo ekin zion aro berriari, batez ere etxean. Sadarren jokatutako aurreneko bost partidetatik lau irabazi zituen Osasunak. Aurrenekoa berdindu egin zuen Leganesen aurka, eta mendean hartu zituen gero Mallorca, Celta, Las Palmas eta Bartzelona.

Txakalaldia iritsi zitzaion geroago: puntuak biltzen segitu zuen taldeak, baina banaka; bai kanpoan, eta bai etxean. Hainbat jardunalditan oso noizean behin eskuratu zituen hiru puntuak. Hain zuzen, sasoi honetan jokatutako 35 partidetatik hamabost berdindu ditu Nafarroako taldeak; hamar irabazi, eta beste hamar galdu. Espainiako Kopan, berriz, final-laurdenetaraino iritsi zen, final-zortzirenetan Athletici San Mamesen irabazi ondotik —Realak kanporatu zuen Osasuna—.

Ordea, txispa berreskuratu du berriro denboraldi amaieran. Azken bost partidetatik hiru irabazi ditu, eta horrek ahalbidetu dio amets egitea, eta berriro fokua Europan jartzea. Sasoiari eta klubari agur borobila eman nahi dio Vicente Morenok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.