Txirrindularitza

Vinek irabazi du Belaguan, eta Vingegaard jarri da lider

Australiarra ihesaldiko azkarrena izan da berriz ere, eta bigarren etapa garaipena lortu du. Traeenek sufritu egin du, eta maillot gorria Vingegaarden esku utzi behar izan du. Palestinako banderaz josita egon dira errepide bazterrak.

Jay Vine. LA VUELTA
Jay Vine bigarren etapa garaipena ospatzen, gaur, Larra-Belaguan. LA VUELTA
enaut agirrebengoa
2025eko irailaren 2a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jay Vinek (UAE) beste erakustaldi bat egin du ihesean, Espainiako Vuelta Euskal Herrian barneratu den egunean. Atzo, txirrindulariek Iruñean hartu zuten atseden, eta gaur Nafarroako lurretan lehiatu dira, bihar Bizkaiko etapa egin aurretik. Sendaviva parke naturalean ekin diote saioari, eta iparralderantz egin dute, Belaguan zegoen helmugaren bila. Bigarren aldiz amaitu da Vueltako etapa bat mendate horretan, eta Vinek bigarren garaipena lortu du aurtengo aldian. Erremate bikaina eman dio ondo kostata sortu den ihesaldiari. Bigarren Pablo Castrillo (Movistar) izan da, eta hirugarren Javier Romo (Movistar). Etxeko etapan gertu izan du garaipena Movistar taldeak.

Faboritoen artean ez da borroka handirik izan, baina, hala ere, Jonas Vingegaardek (Visma) lider maillota kendu dio Torstein Traeeni (Bahrain). Norvegiarra ezinean gelditu da Belaguako igoeran, UAE taldeak sua piztu eta gero. Joao Almeidak soka tenkatu du, baina faboritoen multzoa apenas zatitu den. Vingegaardek aski izan du gurpilean irautea berriz ere lasterketako lidergoa eskuratzeko. Traeen bigarren dago orain, 26 segundora, eta Almeidak hirugarren jarraitzen du, 38 segundoko atzerapenarekin. 

Palestinaren aldeko protesta Espainiako Vueltan, Izaban.
Palestinaren aldeko protesta Espainiako Vueltan, Izaban. IÑIGO URIZ / FOKU

Ziklismoaz gozatzeko eguna ez ezik, protesta egitekoa ere izan da euskal zaleentzat, Yala Nafarroa eta BDS plataformek egindako deiari erantzunez. «Genozidiorik gabeko kirola» lelopean, eta protesta baketsuen bidez, Palestinaren aldeko babesa ikusaraztea eta Israel taldearen parte hartzea arbuiatzea zen ekimena sustatu dutenen helburua. Hori horrela, herriak eta errepide bazterrak Palestinako banderaz bete dituzte zaleek, baita Israelen aurkako pankarta eta pintaketaz ere. Ikurrinak eta euskal ikurrak ere han eta hemen ikusi dira, baina, gaurkoan, nazio aldarrikapenak bat egin du Israel taldearen eta Gazan gertatzen ari den basakeriaren kontrako protestekin.  

Juan Ayuso (UAE) ere haserre zen etaparen hasieran. Datorren urtean ez du UAEn jarraituko, eta taldeak atzo eman zuen albistearen berri, lasterketa betean. Bada, valentziarrak oso kritika gogorrak egin ditu kazetarien aurrean. Beste txirrindulari askok, haserre bainoago, lehiarako gogoz ekin diote etapari. Luze iraun dute tropeletik alde egiteko saiakerek, eta egoera ez da baretu azken 70 kilometroetan sartu diren arte. 30 txirrindulariko multzo batek egin du aurrera, eta Xabier Mikel Azparren (Q36.5) izan da bertan sartu den euskal ziklista bakarra. Movistarrek, berriz, hiru iheslari izan ditu: Castrillo, Javier Romo eta Orluis Aular.

Castrillo: nahi eta ezin

Belagua igo aurretik, Coronas gainditu behar izan dute, eta bertan erasoa jo du Romok. Vine bizi irten da haren atzetik, eta, Belaguara bidean, hamar txirrindulari elkartu dira lasterketa buruan. Azparrenek galbahea gainditu du; haatik, jokoz kanpo geratu da Belaguan iheskideak oldartu direnean. Castrillok ahaleginak eta bi egin ditu iaz lorturiko bi garaipenei beste bat eransteko, baina Vine aurkari ahaltsuegia izan da harentzat. Australiarrak 35 segundoren aldea atera dio azkenean. Tropelean ere, zeresana eman du UAE taldeak. Ayusok lan egin du Almeidaren alde, eta taldeburuak erritmoa nabarmen gogortu du gero. Hautagai gehienak elkarrekin helmugaratu dira, 1.05eko atzerapenarekin. Felix Gall (Decathlon) 26 segundo geroago iritsi da Belagua gainera.

Biharko etapak Bilbon izango ditu bai irteera bai bukaera. Ikurrinak eta Palestinako banderak nonahi ikusiko dira berriz ere. Baliteke, ordea, etapak bestelako bilakaera izatea, zazpi mendate igoko baitituzte ibilbidean zehar: Laukiz, San Pelaio, Bizkaiko Balkoia, Morga, Ganguren (bi aldiz) eta Pike. Azken horrek helmugatik zortzi kilometrora du gaina. Laburra da, baina baita gogorra ere (2,3 kilometro eta %8,9ko pendiza).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.