Iragarpenak erdizka bete ditu gaur Jonas Vingegaardek (Visma), Italiako Giroko zazpigarren etapan. Lasterketako lehen saio malkartsua izan da, eta danimarkarrak bere egin du garaipena. Hala gertatzea espero zen. Alabaina, ez da goitik behera nagusitu, eta hori ezustekotzat jo daiteke. Aurkari gehienak nahiko erraz azpiratu ditu Blockhaus mendatean; Felix Gallek (Decathlon), ordea, tinko eutsi dio, eta hamahiru segundo besterik ez ditu galdu helmugan. Sasoiko dagoenean, austriarra bezalako eskalatzaile gutxi dago munduan. Horren erakusgarri da gaur Blockhausen osatu duen igoera. Hura baino hautagai sendoagoa zirudien Giulio Pellizzarik (Red Bull), baina kiskali egin da Vingegaardek pizturiko sua itzali nahian. Laugarren izan da azkenean, Jai Hindley taldekidearen atzetik, minutu bateko atzerapena pilatuta.
Akaso, erakustaldi handiagoa eman nahiko zukeen Vingegaardek, baina, behintzat, lehen urratsa egin du Giroa irabazteko borrokan. Gainera, hiru itzulietan etapak irabazi dituztenen multzoan sartu da. Maglia arrosa ere beregana zezakeen, betiere Afonso Eulalio (Bahrain) liderra ezinak jota geratzen bazen. Bada, portugaldarrak oso modu duinean defendatu du sailkapeneko lehen postua. 2.55era helmugaratu da, eta, horiek horrela, Vingegaard 3.17ra du oraindik sailkapen nagusian. Hirugarren Gall da orain, 3.34ra. Ondoren Hindley eta Pellizzari ageri dira; 4.25 eta 4.28ko atzerapena dute, hurrenez hurren. Igor Arrietak (UAE) bigarren postuan ekin dio etapari, baina hamalaugarren koskaraino egin du atzera. Markel Beloki (Education), ordea, oso txukun moldatu da Blockhausen; Eulalioren multzoan helmugaratu da, hamazazpigarren postuan.
Blockhaus bederatzigarrenez agertu da Italiako Giroan. Han kokatu dute helmuga, Abruzzo eskualdeko mendate hori igo duten aurreko aldietan bezala. Eddy Merckx izan zen bertan besoak altxatzen lehena, 1967an, eta 2022an igo zuten orain hurrena; Hindleyk esprintean azpiratu zituen aurkariak. 2017an, berriz, Nairo Quintanak bakarka zeharkatu zuen helmugako marra, marka ezarrita: 39:54. Zalantza zen ea gaur Vingegaardek apurtuko zuen. Haizearen noranzkoa erabakigarria izan zitekeen. Indarrez jo ditu saihetsetik, baina ez du erritmoa geldiarazi. Azkenerako, aise apurtu du Vingegaardek Quintanaren marka: 38:26. Beste hautagaiek ere hegan egin dute; ez hainbeste Red Bulleko bikoteak, baina Gallek bai.
Gogorra eta luzea
Gaurkoa Giro honetako etaparik luzeena izan da. Mendiko saio gehienak kimatu egin dituzte antolatzaileek, baina tropelak 244 kilometro egin behar izan ditu gaur, Formiatik hasita. Faborito nagusiek amaierarako gorde dituzte indarrak; baina berehala oldartu dira Diego Pablo Sevilla (Polti), Jonathan Milan (Lidl), Jardi Van der Lee (Education First), Tim Naberman (Picnic) eta Nickolas Zukowsky (Pinarello). Bidea egin dute lasterketa buruan, Milan salbuespen: atzean geratu da Roccaraso mendatera iristerako. Blockhaus aurretik igo duten mendate bakarra izan da hori, eta, tontorretik igaro ostean, sei minuturainoko errenta eskuratu dute iheslariek.
Tropelean, Visma eta Bahrain taldeek hartu dute ekimena. Eta, behin Blockhausera iritsita, erritmoa gogortzeko apustua egin du Red Bullek. Gero txanda hartu dio Vismak, eta helmugatik 6,5 kilometrora harrapatu dituzte Zukowsky eta Van der Lee, ihesaldiko bi indartsuenak. Ordurako, onenen multzotik kanpo ziren Egan Bernal (Ineos) eta Enric Mas (Movistar). Eulalioren ezina 5,6 kilometroren faltan bistaratu da, eta Vingegaard jarraian oldartu da. Hari kosta ahala kosta eutsi nahi izan dio Pellizzarik, eta damutu egin da azkenean. Gallek, ordea, bikain kudeatu ditu indarrak, Vingegaard estu hartzeraino.
Txirrindulariek Chieti eta Fermo lotuko dituzte bihar, 157 kilometroko ibilbidean. Lehen 100 kilometroek ez dute inolako zailtasunik, baina azken txanpan lau mendate puntuagarri igo beharko dituzte. Hortzak zorrotz izango dituzte iheslariek eta tropelean geratzen diren errematatzaileek, eta faboritoen artean ere saltsa egongo da agian.