Vingegaard gailendu da Bola del Mundo tontorrean, eta erabakita utzi du Vuelta

Azken igoera ikusgarria izan da, eta kilometro bat falta zela jo du eraso erabakigarria. UAEk ausart jokatu du, baina Almeida podiumeko bigarren koskan egongo da; hirugarrenean, berriz, Pidcock.

Jonas Vingegaard garaipena ospatzen. JAVIER LIZON / EFE
Jonas Vingegaard garaipena ospatzen. JAVIER LIZON / EFE
ainara arratibel gascon
2025eko irailaren 13a
19:19
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jonas Vingegaard (Visma) txapeldun handia da, eta txapeldun handiek bezala irabaziko du, bihar, Espainiako Vuelta. Gaur jarri dio zigilua garaipenari, Bola del Mundo tontorrean gora. Ikusgarria izan da igoera, eta erasoa jo du azken kilometrora iritsi aurretik. Gogorra eta zehatza izan da ahalegina. Nagusitasunez egin du aurrera, eta helmugan besoak jaso ditu. Hala, lasterketako txirrindularirik indartsuena dela berretsi du. Handitu egin du Joao Almeidari (UAE) ateratzen zion 44 segundoren aldea, eta bihar Espainiako Vuelta gehituko du garaipen zerrendara. Almeida eta Thomas Pidcock izango ditu alboetan (Q 36.5).

Etapa bizia izan da hasieratik. Irten orduko, etengabeak izan dira eraso ahaleginak, eta azkenean 32 txirrindulariz osatutako multzo batek egin du aurrera. Tartean zeuden Mikel Landa (Soudal), Giulio Ciccone (Lidl), Egan Bernal (Ineos), Santiago Buitrago (Bahrain) eta Edward Dunbar (Jayco). Handia izan arren, multzoak aurrera egin du, eta 1.45 inguruko abantaila lortu du. Atzetik UAEk kontrolatu du tropela. Etapari adarretatik heldu, eta lehiarako prest zegoela berretsi du Almeidaren taldeak. Lidl Trek eta Bora ere azaldu dira tropelaren lehen tokietan. 

Bai atzetik eta bai aurretik abiadura handiz joan dira. Txirrindulariek bi aldiz igo behar zuten Navacerrada. Lehen aldiz igotzeko 20 kilometro falta zirela, 1.28ko errenta zuten aurrekoak. Etapa amaitzeko 73 kilometro falta ziren oraindik.  Navacerradan egin da galbahea aurrekoen artean, eta azkenerako hamabi ziklista geratu dira aurretik, tartean indartsuenak: Landa, Ciccone, Buitrago eta Dunbar. Atzetik UAEk, Juan Ayusok gidatuta,  erritmoa are gehiago bizitu du, eta aldea apalduz joan da. 49 kilometro falta zirela, minututik beherako errenta zuten iheslariek.

Errepidea trabatuta

Jaitsieran, aurreko taldea moztu egin da. Landak eta Cicconek aurrera egin dute, eta atzetik geratu dira Armirail, Van der Lee eta Bernal. Berehala batu dira. Orduan, Ciccone saiatu da aurrera egiten. 19 kilometro falta ziren etapa amaitzeko, eta iheslariak pasatu eta gutxira errepidea trabatu dute Palestinaren aldeko manifestariek. Tropela errepide albotik pasatu da, eta lasterketak aurrera jarraitu du. 

Landa aurrean geratu da bakarrik, eta lehena izan da Navacerrada bigarrenez igotzen hasten. Baina Bernalek eta Cicconek handik gutxira harrapatu dute. Azken buruz burukoaren zain, UAE bere lana egiten jarraitu du atzean. Almeidaren taldekide guztiek egin dute lan, minutu eskasen aldea murriztu eta portugaldarrak Bola del Mundoko igoeran elastiko gorria janzteko azken ahalegina egin zezan. Navacerradako gainetik Ciccone eta Landa igaro dira aurretik. Hiru kilometrora zegoen helmuga, eta gogorrena falta zen: Bola del Mundo tontorrerako igoera.  

Ez ziren aparte beste faboritoak. Vingegaard orduan hasi da azaltzen, eta Almeidari ere ondo ikusten zitzaion, Sepp Kuss zuen laguntzeko. Hor ziren Pidcock eta Jai Hindley ere (Bora), hirugarren eta laugarren sailkatuak. Asfaltoa amaitu eta porlana hasi denean piztu da sua. Helmugarako bi kilometro falta ziren, eta orduan harrapatu dituzte Ciccone eta Landa. Hindley aurrera egiten saiatu da. Baina haren atzetik atera da Vingegaard. Almeidak hortzak estutu ditu, eta azkenean haiengana iristea lortu du. Orduan jo du eraso erabakigarria liderrak. Besteek ezin izan diote jarraitu, eta garaipena harentzat izan da. Bigarren izan da Kuss, 11 segundora, eta hirugarren Hinldey, 13ra.

Bihar amaituko da Vuelta. Azken etapa Alalpardo eta Madril artean jokatuko da. Txirrindulariek 111,6 kilometro egin beharko dituzte, eta esprintean amaitzea espero da. Palestinaren aldeko protestak daude deituta Madrilen ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.