Blockhauseko zalantzak tokitan geratu dira. Giroa indar betean amaitu du Jonas Vingegaardek (Visma), eta lasterketari ginga jarri dio gaur, Piancavallon. Birritan igo dute mendate hori, eta Giroko liderrak hegan egin du azken igoeran, Marco Pantanik 1998an ezarritako marka apurtzeraino. Gailurretik 11 kilometrora piztu du sua, eta 1.15eko aldea atera die hurbilen izan dituen txirrindulariei: Felix Galli (Decathlon), Jai Hindleyri (Red Bull) eta Derek Geeri (Lidl) —hurrenkera horretan helmugaratu dira—. Hala, erakustaldirik handiena mendiko azken etapan egin du Vingegaardek.
Gauzak bere horretan geratu dira sailkapen nagusiko lehen postuetan. Gallek nahiko ziurra zuen bigarren postua, eta arazorik gabe eutsi dio. Vingegaard nahiko gertu izan zuen mendiko lehen etapetan, baina lehen postua tokitan geratu zaio: 5.22ra. Haiekin batera, Jai Hindley (Red Bull) igoko da bihar podiumera, 6.25eko atzerapena pilatuta. Thymen Arensmanen (Ineos) mehatxuari aise egin dio aurre Piancavallon. Afonso Eulaliok (Bahrain) beste horrenbeste egin du Davide Piganzolirekin (Visma) gazteen elastikoaren borrokan. Portugaldarrak bederatzi egun igaro zituen arrosaz jantzita, eta seigarren izango da azkenean.
Piancavallo helmugatik 70 kilometrora igo dute aurreneko aldiz. Ordura arte, oso samurra izan da ibilbidea, eta zazpi txirrindularik egin dute tropeletik ihes. Piancavallora 4.30eko aldearekin iritsi dira, baina tontorrean minutu bakarra besterik ez zitzaien geratzen. Zazpikotea, gainera, hirukote bilakatu da aldapan gora egin ahala: Jack Haig (Ineos), Andreas Leknessund (Uno-X) eta Larry Warbasse (Tudor) nabarmendu dira lasterketa buruan. Vismak kate motzean lotu ditu, Vingegaardek beste garaipen bat lor zezan. Giroko liderrak arazoren bat nabaritu du aurreko gurpilean, eta geldialdi labur bat egin du igoera betean, bizikleta behar bezala ikuskatzeko. Begi-kliska batean, tropelaren buruan zen berriz ere.
Tropela gailurrera iristear zela, puntuen bila abiatu da Giulio Ciccone (Lidl). Italiarrak galga sakatu du gero, mendiko sailkapeneko lidergoa ziurtatu duela jakinik. Igor Arrietak (UAE), aldiz, jarraipena eman dio erasoaldiari, eta jaitsieran aurreko hiruekin bat egin du, Ludovico Cresciolik (Polti) eta Axel Huensek (Groupama) lagunduta. Bada, Vingegaardek ziztu bizian aurreratu ditu iheslariak azken igoeran. Arrieta, hori bai, lider ipini da Red Bull kilometroen sailkapenean. Bigarren mailako saria da, baina txirrindulari batzuentzat badu balioa; galde diezaiotela, bestela, Einer Rubiori (Movistar).
Piganzolik egun txarra izan du, eta ez da tropela gidatzeko gai izan. Hori horrela, oso goiz piztu du sua Vingegaardek. Gallek 100 metro eskas iraun du liderraren gurpilean. Beste behin ere, geldiezina izan da Vismako taldeburua. Atzean, larri ibili da Arensman, eta laugarren postua eskuratzeko ahalegina egin du Geek. Azkenean, baina, ez da aldaketarik izan sailkapen nagusiko lehen hamar postuetan.
Koroatzea Erroman
Bihar, Erroman, lehia bizia izango da esprinterren artean. Vingegaardek, berriz, gozatua hartuko du arrosaz jantzita. Erromako podiumeko koska nagusira igoko da, hiru astez erabateko nagusitasuna erakutsi ondotik. Meritu handia du danimarkarraren jardunak, Giroa lehen saiakeran irabaziko baitu. Bigarren Mundu Gerraz geroztik maglia arrosa eskuratuko duen hamargarren txirrindularia izango da. Zerrenda horretan euskal herritar bat ageri da: Miguel Indurain.
Vingegaard, halaber, hiru itzuli handiak irabazi dituztenen multzo esklusiboan sartuko da. Aurrez zazpi txirrindularik bereganatu dituzte Giroa, Tourra eta Vuelta: Jacques Anquetilek. Felice Gimondik, Eddy Merckxek, Bernard Hinaultek, Alberto Contadorrek, Vincenzo Nibalik eta Chris Froomek. Vingegaardek etekin handia atera dio Giroari, sailkapen nagusian gailentzeaz gain, bost etapa garaipen lortu baititu; Tadej Pogacarrek 2024an baino bat gutxiago. Tourrean esloveniarrari aurre egitea izango da Vingegaarden hurrengo erronka.