Pronostikoek ez dute hutsik egin, eta Jonas Vingegaardek (Visma) nahierara irabazi du Cari mendate gainean, Italiako Giroko hamaseigarren etapan. Bellinzona eta Cari artean 113 kilometro osatu ditu tropelak, eta hasieratik izan dira mugimenduak. Sua nagusitu da iheslarien artean, baina Visma taldeak kate motzean lotu du eguneko ihesaldia, eta lanak ederki biribildu ditu danimarkarrak amaieran. Helmugarako sei kilometro eta erdi falta zirela erasoa jo du, eta inork ez du gaitasunik izan hari jarraitzeko. Pedal kolpe bikainarekin agertu da liderra, ziztu bizian igo baitu Cari mendatea, eta aurtengo Giroan laugarren etapa garaipena eskuratu du. Denboraldi osoan hamar garaipen baditu jada poltsikoan.
Ondorioz, are erabakiago utzi du Giroa Vingegaardek. Nabarmen geratu da gainerakoak baino bizpahiru koska gorago dagoela, eta zuhurtziaz jokatzea aski izango du igandean Erroman podiumaren gorenean egoteko. Liderrak berak aitortu du Frantziako Tourra duela buruan, eta ez konplikatzea izango duela lehentasun igandera bitarte. Garaipen gehiago lortzen saiatuko da, eta beste hiru etapa amaituko dira mendate gainean. Lehen postua erabakirik, emozioa podiumaren osaketak sortuko du. Alfonso Eulaliok (Bahrein) denbora asko galdu du gaur helmugan, eta podiumetik kanpo geratu da. Sailkapen nagusian Felix Gall (Decathlon) dago bigarren, Thymen Arensman (Ineos) hirugarren eta Jai Hindley (Red Bull Bora) laugarren. Hirurak minutu baten barruan daude.
Gaurko etapa laburra izaki, lehen kilometrotik izan dira mugimenduak tropelean, eta, kostata izan arren, azkenean hemezortzi laguneko ihesaldia sortu da. Tartean izan dira bi euskal ordezkariak: Markel Beloki (Education First) eta Igor Arrieta (UAE). Minutu inguruko aldea lortu du ihesaldiak, baina atzean Vismak ez du gehiagorako baimenik eman. Hori ikusita, mugimenduak etengabeak izan dira iheslarien artean, eta Giulio Cicconeren (Lidl-Trek) burugogorkeriak izan du saria. Jo eta jo aritu da, eta azkenean taldetxoa osatu da aurrean. Cicconerekin batera taldean izan dira beste hiru ziklista: Einer Rubio (Movistar), Chris Harper (Pinarello) eta Jhonatan Narvaez (UAE). Â
Bihar, etapa luzea
Ordekan eta elkarlanean serio jardun dute iheslariek, eta era horretan egin dituzte kilometro batzuk. Bi minuturen aldea ere izan dute tarteren batean, baina, sokatira horretan, tropelaren ahalak irabazi du. Vismari beste talde batzuk gehitu zaizkio lanera; Decathlon eta Red Bull Bora, besteak beste. Vismako Victor Campenaertsek eta Davide Piganzollik sekulako lana egin dute taldeari tiraka, eta helmugarako bederatzi kilometro falta zirela amaitu da iheslarien abentura. Jakina zen lehenago edo beranduago Vingegaarden erasoa iritsiko zela, eta sei kilometro pasatxoren faltan ailegatu da. Aparteko ahaleginik egin gabe, bakar-bakarrik egin du aurrera danimarkarrak, eta batere arazorik gabe irabazi du. Egia da azken kilometroa luze egin zaiola, baina maisuki altxatu ditu bi besoak Cari gainean. Minutu pasara sartu dira helmugan Gall, Hindley eta Arensman. Eulaliok hiru minututik gora galdu ditu. Â Â Â Â Â
Etapa luzeagoa gainditu beharko du bihar tropelak, 201 kilometro egin beharko baititu Cassano d’Ada eta Andalo artean. Lasterketa gorabeheratsua izango da, eta iheslariek aukera aproposa izan dezakete garaipena lortzeko.