Tokio 2020

Virginia Diazek ezin izan du dominarik lortu

Seigarren sailkatu da lemazainik gabeko biko probako finalean. «Seigarren geratzea ez zen guk nahi genuena»

ainara arratibel gascon
2021eko uztailaren 29a
03:16
Entzun

Finalerdietan lan ona egin eta gero, Virginia Diazek bazuen itxaropena Aina Cidekin osatutako ontziarekin dominak lortzeko borrokan egoteko. Baina ez da posible izan. Sea Foresteko gunean jokatutako finalean, lemazainik gabeko biko mailan, seigarren lekuan amaitu du finala, azkenengoan: 7.00.05eko denbora egin du Diazen ontziak, eta zortzi segundora geratu zaie podiuma. Diploma olinpikoa emango diote Diazi eta harekin bikoan diharduen kideari.

Estropadaren bukaeran ez zegoen gustura: «Anbiziotsuak gara, eta gehiago egin nahi izaten dugu. Seigarren geratzea ez zen guk nahi genuena».

Diazek eta Cidek atzetik aurrera egin ohi dituzte estropadak. Azken txanpa izan ohi dute indargunea. Baina gaurkoan ez da posible izan hori egitea. Hasieratik, aurkariek koska bat gorago zeudela erakutsi dute. Abiadura handiagoarekin egin dute arraun, eta, 500 metrotara iristerako, jada atzean ziren Diez eta Cid (2.000 metroko estropada da). Alde hori handituz joan da metroak egin ahala. Zeelanda Berriak hasieratik erakutsi du bere nagusitasuna, eta estuagoa izan da zilarrezko eta brontzezko dominak lortzeko borroka: Errusiarentzat izan da zilarra, eta Kanadarentzat, berriz, brontzea.

Dena den, etxera pozik joateko moduan dira Diaz eta Cid, Olinpiar Joko hauetan egindako lanarekin. Sailkatze estropadan ez zuten jardun beren onenean, eta azken txanpa on bati esker lortu zuten finalerdietarako sailkatzea, Irlandari aurrea hartuta. Finalerdietan egin zuten estropadarik onena, txanda gogor batean hirugarren egitea lortu baitzuten, gaurkoan zilarra eta brontzea lortu dutenen ondotik, Errusiaren eta Kanadaren atzetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.