Hiru aste luzeko ibilbidean lehen kapitulua besterik ez du izan gaurkoa Frantziako Tourrak, baina benetan ikusgarria izan da estreinako etapak eman duena. Taldekako erlojupekoan murgildu dira ziklistak, Bartzelonan hasi eta bukatu den lasterketan, baina era berritzaile batean lehiatu behar izan dute. Orain arte, talde berean laugarren edo bosgarren helmugaratzen zen txirrindulariak markatzen zuen talde horren denbora. Gaur, ordea, estreinako aldiz, beste sistema bat erabili dute. Erlojupekoa taldekakoa izan arren, lehena helmugaratu den ziklistaren denbora hartu dute aintzat, eta horrek txinparta berezia piztu dio etapari. Estrategia ezberdinak erabili dituzte talde guztiek, eta Visma izan da onenetan onena. Talde lan bikaina egin dute zortzi txirrindulariek, eta Jonas Vingegaardek ederki baliatu du lan hori. Azken metroetan indartsu agertu da, bere garai onenetan bezala, eta merezita jantzi du maillot horia.
Hain zuzen, 2023an Tourra irabazi zuenetik, maillot horia janztea zer den sentitu gabe zegoen Vingegaard. Besteak beste, menderaezina izan delako Tadej Pogacar (UAE) azken boladan. Baikortasunari eutsi ezinda ibili da azken bi urteetan danimarkarra Frantziako lurretan, baina garbi bistaratu du bere kirol mailarik onena berreskuratu duela. Italiako Giroan egindako esfortzutik errekuperatuta agertu da, eta kartak mahai gainean jarri ditu. Motibazioari eusteko garaipen garrantzitsua lortu du, bere buruarekin sinesteko baliagarria izango zaio maillot horia soinean izatea, eta Visma berak ere azaldu du talde sendoa daukala. Vismak ez ezik, Tourrak ere irabazi egin du Vingegaarden garaipenarekin, emozioa eta ikuskizuna nagusituko baitira aurrerantzean.
Etapa era berritzaile batean jokatu denez, ezjakintasuna nagusitu da hasieratik. Caja Rural izan da irteera puntutik ateratzen lehen taldea, eta lan dotorea egin du talde nafarrak 19,6 kilometroko ibilbidean. Helmugan 23 minutu eskaseko denbora markatu du, eta denbora luzean horixe izan da markarik onena. Hori bai, izen handiko taldeak bukaera aldean jardun dute, eta pixkanaka agertuz joan dira oilar nagusiak. Esaterako, Movistarrek lan bikaina egin du etaparen lehen erdian. Lan erdietan denborarik onena markatu du, baina gero arazoak izan ditu taldeko liderrarekin: Cian Uijtdebroecksekin. Karranpak izan ditu hanketan, eta taldekideei jarraitu ezinda ibili da. Ondorioz, ziklista guztiek hari itxaroteko erabakia hartu du Movistarreko zuzendaritzak. Helmugan denbora asko galdu du.
Ineos izan da babak eltzetik atera dituena. Ziklista guztien lana apartekoa izan da; bata bestearen atzean jarrita, makinen moduan aritu dira bizikleta gainean, kontzentratuta eta mentalki indartsu. den, Kevin Vauquelin taldeburuak huts egin du momenturik garrantzitsuenean. Taldekide batzuen gurpilari jarraitzeko indarrik gabe geratu da, eta, Movistarrek ez bezala, Ineosek erabaki du indartsuenek aurrera jarraitzea. Hala, Filippo Gannak denbora bikaina markatu du helmugan: 21:55. Bigarren postuan sailkatu da Ineos.
Vismaren eta UAEren zain
Behin behinean Ineosen denbora izan da onena, eta jakina zen soilik bi taldek zutela denbora hori hobetzeko gaitasuna: Vismak eta UAE-k. Bi talde horiek izan dira irteera puntutik ateratzen azkenekoak. Bada, Vismak lehertu du lasterketa, eta aipagarria izan da Davide Piganzolik egin duen lana. Soilik 23 urte izan arren, bere gain hartu du aginte makila, eta ziztu bizian eraman du gurpilean Vingegaard. Danimarkarrak ez du hutsik egin azken metroetan, eta 21:47ko denbora markatu du. Pogacarrek ere ezin izan du hankaz gora bota denbora hori. Gogotik saiatu da azken maldan, baina hamabi segundo galdu ditu helmugan. Hala, sailkapen nagusian Vingegaard da liderra, Ganna bigarrena, zortzi segundora, eta Pogacar hirugarrena, hamabira.
Tourrak Herrialde Katalanetan jarraituko du bihar, eta Tarragona eta Bartzelona bitartean jokatuko da bigarren etapa. 168,5 kilometro osatu beharko ditu tropelak, eta lasterketa gorabeheratsua izan daiteke. Azken kilometroak intentsitate handikoak izango dira.