Hirugarren Itzulia bereganatu du Demi Vollering txirrindulariak gaur, Donostian. Lasterketak hiru etapa izan ditu, eta, sailkapen nagusiaz gain, gaurko etapa ere irabazi du.
Donostia-Donostia ibilbidea egin dute txirrindulariek, 112 kilometroko ibilbidean.
Vollering bigarrena izan da Jaizkibelen, eta, horren bidez, lehenengo postuan jarri da mendiko sailkapenean.
Etaparen hasierako protagonistak Sara Martin (Moviestar) eta Celia le Mouel (CTC) izan dira. Donostiarako helmugara lehen aldiz hurbiltzerakoan, lasterketa amaitzeko 40,8 kilometro falta zirela, minutu bat eta 43 segundo ateratzen zizkioten tropelari.
Stina Kagevi 19 urteko suediar gazteak igaro du helmuga hirugarren, tropelari metro batzuk kenduta. Baina Añorga inguruan harrapatu dute.
Usurbilgo puntuan Martin igaro da aurretik, eta, tropelean, Bredewold. Tropelak azkargailua sakatu du orduan, eta ihes egindakoen tartea murriztuz joan da. Aginaga auzoan 41 segundokoa baino ez zen.
Mendizorrotz igotzeari ekin diotenean amaitu da Martin eta Le Moulen ihesaldia. Bredewold eta Demi Vollering jarri dira tropelaren buru igoeran. Elkarri neurria hartuz hasi dira, eta Vollering Bredewold atzean uzten hasi da maldetan.
Minutu bat eta 10 segundo aurretik jarri da Vollering helmugarako hamar kilometro falta zirela. Antonia Niedermaier atzetik jarraika joan zaio.
Ziztu bizian hasi da jaisten Vollering igeldon, Donostiako helmugarantz. Ia minutu bateko tartearekin joan da Bulebarrerantz, erabateko nagusitasunak eman dion lasaitasunarekin, eta heldu aurretik ere ospatu du garaipena.
Donostiako podiumean Itzuliaren irabazleak agertu dira, beraz: Vollering, Bredewold bigarrena, eta, sailkapen nagusiko hirugarrena, Sarah van Damme (CTC).
«Ezin nion itxaron, tartea hartu behar niolako Bredewoldi», esan du Volleringek. Itzulian azken urteotan egin duen lanarekin oso pozik dagoela gaineratu du. Atzoko erorialdiak gorputza minduta utzi dion arren, hori ez da oztopoa izan etapa eta lasterketa poltsikoratzeko.
Bigarren postuarekin pozik dagoela esan du Mischa Bredewoldek, ez dagoelako Vollering behar bezain sasoitsu.
Ane Santestebanek (Laboral Kutxa) esan du espero baino okerrago aritu dela. «Indarrak falta izan zaizkit». 15. egin du etapan.
24. postuan sartu da Usoa Ostolaza. Harentzat (Laboral Kutxa) Mendizorrotz izan da mugarria: «Ordura arte, nahi genuen bezala aritu gara, baina moztuta bezala geratu gara. Gure taldean ez da behar bezalako kolaboraziorik izan». Ostolaza izan da lasterketako euskal txirrindularirik onena.
Giroan, Del Toro buru
Italiako Giroko elastiko arrosa bereganatu du gaur Isaac del Toro (UAE) mexikarrak. Ezin izan du, halere, etapa irabazi, Wout van Aert (Team Visma) flandriarrak garaipena lapurtu baitio azkeneko metroetan.
Diego Ulissi (Astana) zegoen orain arte lasterketaren sailkapen orokorrean buru, eta horrek ikusmin handia piztua zuen Italian, lau urtean lehen aldiz italiar batek zuelako maglia arrosa.
Zoritxarrekoa izan da Primoz Roglic (RedBull-Bora) esloveniarra gaurko etapan. Erori egin da. Ez du min handirik hartu, baina, gero, gurpila zulatu zaio Sienako helmugara heltzeko 50 kilometro falta zirela.
Ihesaldia egin dute Kaden Groves (Alpecin-Deceuninck), Quinten Hermans (Alpecin), Milan Fretin (Cofidis), Dries De Bondt (Dcathlon), Taco Van der Hoorn (Intermarche) eta Luke Lamperti txirrindulariek, eta bi minutuko abantaila lortu dute. Mercatale mendatea gurutzatzen lehenengoak izan dira.
Baina harrapatu egin dituzte gero. Orduan, haien lekua hartu dute Egan Bernalek (INEOS), Brandon Riverak, Van Aertek eta Del Torok.
Roglicen zulatua ikusita, erasoaldia jo du mexikarrak helmugarako 20 kilometro falta zirela. Iheslari taldetik, bakarrik Van Aertek eutsi dio haren erritmoari, eta, azken metroetan, mexikarra baino arinago aritu da.
Edonola ere, pozik amaitu du Del Torok. Lasterketaren burua da, eta ohore hori lortzen lehenengo mexikarra.
Ikusi beharko da zer gertatzen den Roglicekin, bi minutu eta 25 segundora geratu baita sailkapenean. Bihar atsedenaldia dute txirrindulariek, baina, asteartean, erlojuaren kontrakoa Lucca eta Pisa artean. Ikusteko dago nola erreakzionatuko duen Roglicek. Edonola ere, emozioa handitu egin da lasterketan.