Vollering, garairik onenean

Erakustaldia emanda, garaipen handia eskuratu du Volleringek, eta horiz jantzita iritsiko da biharko azken etapara. Tourra irabazteko bidean, zortzi segundoren aldea ateratzen dio Niewiadoma bigarren sailkatuari.

Demi Vollering txirrindularia, pozarren. BERRIA
Demi Vollering txirrindularia, pozarren. BERRIA
jon eskudero
2026ko abuztuaren 8a
19:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehenengo egunetik ikusgarria izaten ari da Frantziako Tourra, eta ikuskizunak eutsi egingo dio azken egunera arte. Izan ere, guztia airean dagoela jokatuko da bihar bederatzigarren eta azken etapa, Nizako errepideetan. Hasieran, gaurko lasterketa etapa ehiztarientzat egina zegoela zirudien, baina ez. Sailkapen nagusiko txirrindulariak izan dira protagonista; batez ere, Demi Vollering (FDJ). Taldearen lan ona biribilduz, aparteko ikuskizuna eskaini du, ondo merezita altxatu ditu bi besoak helmugan, eta, gainera, maillot horiaren jabe egin da. Ausardiaz eta indarrez jokatu du, eta estrategian ere ez du hutsik egin. Lasterketako azken malda gogorrean erasoa jo du, metro batzuk irabazi ditu horri esker, eta erlojupeko moduko batean murgilduta bakar-bakarrik iritsi da helmugara. Horri esker, zortzi segundoren aldea ateratzen dio orain Katarzyna Niewiadoma (Canyon) bigarren sailkatuari. Bien arteko buruz burukoak erabakiko du nor izango den bihar garailea.

Tourreko etaparik gogorrena izaki, errespetua izan da nagusi txirrindularien artean lehen kilometroetan, baina berandu baino lehen nagusitu dira mugimenduak. Ihesaldia osatu arteko minutuak kaotikoak eta nahasiak izan dira. Sisteron eta Niza artean, ia 172 kilometro osatu behar izan ditu tropelak, eta bi lagunek osatu dute eguneko ihesaldia: Maeva Squibanek (UAE) eta Loes Adegeestek (Lidl-Trek). Bien ezin hobeki hartu dute elkar, eta hainbat kilometro egin dituzte batera. Sei minututik gorako tartea ere eduki dute, baina tropelak ez die gehiagorako baimenik eman. FDJ taldeak hartu du aginte makila, eta horrek erakutsi du Volleringek zerbait handia egiteko asmoa zuela azken kilometroetan.

Gauzak hala, helmugarako bederatzi kilometro inguru falta zirela amaitu da iheslarien abentura. Squiban lurrera joan da maldan behera, eta min hartu du ukondoan. Adegeestek denbora gehixeagoan eutsi dio ihesaldiari, baina hark ere ez du ezertarako aukerarik izan. Ginestiere mendateak jarri du bakoitza bere tokian. Laugarren mailako mendatea izan arren, oso malda gogorrak gainditu behar izan dituzte ziklistek, eta onenek egin dute aurrera. Bikaina izan da FDJ taldearen lana. Ziztu bizian eraman du tropela, eta pixkanaka bakantzen joan da multzoa. Bada, une erabakigarrian agertu da taldeko liderra: Vollering.

Erlojupekoan bezala

Helmugarako sei kilometro falta zirela jo du erasoa. Erritmo bizian abiatu da tropeletik, eta ederki kostata bada ere, haren gurpilari jarraitzeko gai izan dira Niewiadoma eta Elisa Longo Borghini (UAE). Mendatearen gaina elkarrekin gainditzeko zorian izan dira, baina beste eraso bat jo du liderrak gailurrerako metro gutxi batzuk falta zirela, eta bakarrik geratu da lasterketaren muturrean. Lehertu egin da Niewiadoma. Bezperan erakustaldia eskaini arren, indar hustuta geratu da. Besteak beste, horixe baliatu du herbeheretarrak tartea zabaltzen joateko. Azken bost kilometroetan erlojupeko moduko batean murgildu da, eta aparteko erakustaldia eskaini du. Kontzentrazioari eutsita, suziri baten moduan sartu da helmugan, eta azkenean maillot horiaren jabe izatea lortu du. Orain, zortzi segundoren aldea ateratzen dio Niewiadomari, eta minutu eta hamabi segundora dago Marlen Reusser (Movistar), hirugarren sailkatua.

Hortaz, lehen bi sailkatuen arteko buruz burukoak erabakiko du Tourreko garailea, bihar, Nizan. Zirkuitu baten barruan, ia ehun kilometro osatu beharko dituzte txirrindulariek, eta errepide gorabeheratsua topatuko dute. Lau aldiz igo beharko dute Col d’Eze mendate gogorra. Hankentzat oso lasterketa gogorra izatea aurreikusten da, eta talde estrategiak ere bere garrantzia izango du. Vollering izango da faboritoa, baina tartea hain txikia izaki, ezer ez dago erabakita. Niewiadomak oraindik ez du azken hitza esan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA