Volleringek bigarrenez irabazi du Frantziako Tourra, Nizan erakustaldia emanda

Azken mendatean jo du erasoa liderrak, eta atzean utzi du Niewiadoma, bere aurkari handia. Frantziako Tourra bi aldiz irabazi duen lehen emakumea bilakatu da.

Demi Vollering Nizako helmugan, gaur. FRANTZIAKO TOURRA
Demi Vollering Nizako helmugan, gaur. FRANTZIAKO TOURRA
Paulo Ostolaza.
2026ko abuztuaren 9a
20:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Demi Volleringek (FDJ) dotore irabazi du bere bigarren Frantziako Tourra. Azken etapa hasi aurretik, Herbehereetako txirrindulariak Katarzyna Niewiadoma (Canyon) bigarren sailkatuari zortzi segundo ateratzen zizkion sailkapen nagusian, baina gaur ez da elastiko horia defendatzearekin konformatu: azken igoeran, bi faboritoak nor baino nor zebiltzala, atzean utzi du Niewiadoma, eta bakarrik heldu da Nizako helmugara. Aurtengo Tourrean irabazi duen hirugarren etapa izan da gaurkoa.

Azken etapan erabaki da aurtengo irabazlea. Txirrindulariak lau aldiz igaro dira Col d’Eze gainetik, eta Niewiadomak eta Canyon taldeak ahaleginak egin dituzte Volleringi gauzak zail jartzeko. Lehen itzulietatik bizitu du erritmoa taldeak, eta faboritoen multzoa murrizten joan da pixkanaka-pixkanaka. Horren biktima izan da Marlen Reusser, sailkapen nagusiko hirugarrena: atzean geratu da bigarren igoeran, eta podiumera igotzeko aukerarik gabe geratu da.

Isabella Holmgrenek erasora jo du, eta faboritoei minutu bateko abantaila ateratzea lortu duen arren, FDJk kontrolpean izan du lasterketa uneoro. 

Vollering, nagusi

Azken igoeran erabaki da dena. Niewiadomak zenbait eraso jo dizkio Volleringi, baina hark arazo handirik gabe eutsi dio poloniarraren joaldiari. Pixkanaka, Volleringen hartu du iniziatiba: erritmoa gogortzen hasi da, eta gailurrerako hiru kilometro falta zirela jo duen erasoan lortu ez duen arren, azken kilometroan jotakoan lortu du Niewiadoma atzean lagatzea.

Mendatea hogei segundo inguruko errentarekin amaitu du Volleringek, baina beheranzkoan tarte hori handitu du pixkanaka, minutu baten ingurukoa izan arte. Azken kilometroak nahieran egin ditu garaileak, gozatzen eta garaipena ospatzen. Hiru urte geroago, bigarrenez lortu du Tourra irabaztea; hori erdietsi duen lehen emakumezkoa da. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA