Volleringek irabazi du Tourreko bosgarren etapa

Buruz buruko polita izan du Reusserrek Niewiadomarekin, eta, azkenean, bizkorrena izan da. Reusserrek lehen postuari eutsi dio.

Demi Vollering garaipena ospatzen. BERRIA
Demi Vollering garaipena ospatzen. BERRIA
ainara arratibel gascon
2026ko abuztuaren 5a
19:08
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etapa mugitua izango zela espero zen gaur Frantziako Tourrean, kontrolatzen zaila. Ibilbideak horretarako aukera ematen zuen, tropelak zortzi mendate puntuagarri igo behar baitzituen. Azkenean, hala izan da, eta ederra izan da Macon eta Belleville-en-Beaujolais artean ziklistek emandako ikuskizuna. Guztira, 140 kilometro izan dira, eta, oraindik jokatzeko beste lau etapa falta diren arren, nabaritzen hasia da zeintzuk izan daitezkeen lasterketa irabazteko hautagai nagusiak: Marlen Reusser (Movistar), Demi Vollering (FDJ) eta Kasia Niewiadoma (Canyon).  

Belleville-en-Beaujolais helmugara iristeko azken metroetan buruz buru aritu dira Reusser eta Niewiadoma. Bazirudien Niewiadomak Tourrean etaparik irabazi ez izanaren arantza kendu ahal izango zuela. Lau aldiz podiumean egon arren, Canyoneko txirrindulariak ez du lasterketan garaipenik lortu orain arte. Baina gaurkoan ere esku hutsik amaitu du. 500 bat metro falta zirela aurrera egin du, bazirudien irabazi egingo zuela Reusserrek eta Volleringek ez baitiote haren gurpilari jarraitu. Baina atzetik indartsu iritsi da Vollering, eta azken unean irabazi egin du. Reusserrek, berriz, bere helburua bete du: elastiko horiari eustea. Sailkapen nagusian bigarren da Vollering 12 segundora, eta hirugarren Niewiadoma 1.17ra.

Espero bezala hasieratik izan da bizia etapa. Abiatu eta gutxira erorikoa izan da. Lurrera joan direnen artean egon da Vollering. Baina ez du arazorik izan segitzeko. Hainbat saiakera egin eta gero, eguneko ihesaldia hogei txirrindularik osatu dute. Atzean, Movistar eta FDJ izan dira tropelaren buruan izan diren taldeak. 1.40ko aldea ere lortu dute. 

Baina eguneko azken-aurreko mendatean, Col de Durbizen —3,6 km eta %5,8—, aurrekoek zuten batasun hori hautsiz joan da, eta abantaila galduz joan dira. Volleringek helmugarako 31 kilometro falta zirenean egin du lehen indar erakustaldia. Erritmoa bizitu du, eta faboritoen tropel nagusia zatituz joan da. Hor hasi dira atzean geratzen, besteak beste, Pauline Ferrand Prevot (Visma) —iazko Tourreko irabazlea— Anna van der Breggen (SD Worx), Cedrine Kerbaol (E. First) eta Kimberley Pienaar (Soudal).

Kolpe erabakigarria, berriz, eguneko azken mendatean jo du: Mont Brouilyn —3 km eta %7,7ko pendiza—. Mendate hori igotzen hasi direnean, zortzi txirrindulari zeuden aurrean. Baina Volleringek erritmoa bizitu duenean, Reusserrek eta Niewiadomak baino ez diote jarraitu. Vollering igaro da lehen tokian mendatearen gainean, eta, jaitsieran aldeari eutsi diote, etapa esprintean erabaki den arte. 

Azkenerako, Elisa Longo Borghinik 1.53 galdu du helmugan, eta Van der Breggenek eta Ferrand Prevotek, 2.35. Euskal txirrindularien artean Usoa Ostolazak (Laboral Kutxa) erorikoa izan du, eta  24.57ra iritsi da helmugara. Sailkapen nagusian hura da hoberen kokatua dagoena. 52. tokian dago, 29.09ra.

Bihar 153,4 kilometro egin beharko ditu tropelak, eta Montbrisonen hasi eta Tournon-sur-Rhonen bukatuko da etapa. Guztira sei mendate puntuagarri igo beharko dituzte. Garaipena ihesaldiren bateko txirrindularientzat izan daiteke, sailkapen nagusikoak etziko etapako Mont Ventoux mendatearen zain egongo dira eta.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA