Vosek irabazi du Giroko zortzigarren etapa; gaur igoko dute Zoncolan

Julen Etxeberria.
2018ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Irabaz daitekeen guztia irabazi du Marianne Vosek (WaowDeals): 31 urteko txirrindulari herbeheretarra hamar aldiz izan da munduko txapeldun, behin olinpiar txapeldun, hirutan nagusitu da Italiako Giroan, makina bat lasterketatan gailendu da... Baina ezer ez da betiko, ezta hura bezalako ziklista puska batentzat. Aurkari bikain eta gazteak irten zaizkio, Anna van der Breggen (Boels) eta Annemiek van Vleuten (Mitchelton) herrikideak batez ere, eta, horren ondorioz, kostata irabazten du orain. Atzo, adibidez, sasoiko lehen garaipena lortu zuen, Giroko zortzigarren etapan nagusituta. Hamar hilabete zeramatzan koska gorenera igo gabe. Pentsaezina zen halakorik duela gutxi arte. Atzokoarekin, 21 etapa irabazi ditu Giroan. Pentsaezina da inor kopuru horretara iristea ere.

Vosek Elisa Longo Borghini italiarrari (Wiggle) eta Lucinda Brand herrikideari (Sunweb) hartu zien aurrea esprintean. Hirurak ihesean iritsi ziren, azken igoeran erasoa jo eta gero. Handik 23 segundora iritsi zen indartsuenen tropela, etaVan Vleutenek maglia arrosari eutsi zion. 2.29ra du Brand —bi postu egin ditu gora—, eta 2.51ra Asleigh Moolman-Pasio (Cervelo).

Etapa nagusia gaur

Eskura du Van Vleutenek Giroa irabaztea, baina ezin du deskuidatu, batez ere gaur Giroko etapa nagusia jokatuko delako, Zoncolan mendate beldurgarrian amaituko dena. Hamar kilometroko igoera gogor-gogorra da: batez beste %11,9ko pendiza du, eta tartean badira %22ko hainbat aldapa. Van Vleutenek osteguneko kronoigoeran erakutsi zuen indartsuena dela aldapan gora. Beraz, ez harritu gaur beste erakustaldi bat ematen badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.