Eguneko ihesaldia baliatuta, Juan Ayusok (UAE) irabazi du Espainiako Vueltako 12. etapa, Laredo eta Los Corrales de Buelna artean jokaturikoa. Etaparen marrazkiari begiratuta, iheslariek begiz jota zeukaten gaurko eguna, eta aurreikuspenek ez dute huts egin. Lasterketaren lehen kilometroetan osatu da eguneko ihesaldia, eta tarteren batean berrogeita hamar txirrindulariko multzoa ere eratu da. Bada, La Collada de Brenes mendateak jarri du bakoitza bere tokian. Helmugarako 28 kilometro falta zirela igo behar izan dute ziklistek lehen mailako mendate hori, eta, Ayusorekin batera, Javier Romo (Movistar) igaro da lasterketa buruan. Sasiordekan elkar ongi hartu dute, helmugara bitarte, eta Ayuso erraz nagusitu da esprintean. Faborito nagusiek lasai hartu dute etapa, eta maillot gorriari dagokionez ez da aldaketarik izan. Biharko utzi dituzte lanak: Angliru mendaterako. Â
Besteak beste, polemika eta zurrumurru artean gailendu da Ayuso. Jakina da UAE taldea eta Ayuso ez daudela uztarri berean loturik; txirrindulariak berak ere hala adierazi izan du sarritan. Azken atseden egunean zera aitortu zuen: bere ideia eta balioekin ez zetorrela bat UAE, eta diktadura baten eta boterearen mende ari zela lanean. Adierazpenok ez zuten hauts askorik harrotu. Ziklistak bere aldetik dihardu lanean, baita taldeak ere, baina gaurko garaipenak biak asebete ditu. Espainiarra pozik mintzatu da. «Polemika alde batera utzi, eta kirol arloari begiratu nahi diot. Oso pozik nago irabazi dudalako. Hainbeste liskar izanda, Vuelta arraroa izaten ari da niretzat, tentsio handia nabari baitut, baina espero dut garaipen honekin gauzak bere onera etortzea neurri batean. Marc Soler taldekideak asko lagundu dit etapa irabazteko, eta nik ere taldeari lagunduko diot Vuelta irabazten, Joao Almeidarekin».
Ayusorentzat ez ezik, UAE taldearentzat ere biribila izan da eguna. Izan ere, denboraldiko 78. garaipena eskuratu du. Historiari erreparatuta, 2009koa da egun indarrean dagoen marka: Columbia taldeak 85 garaipen bildu zituen urte hartan. Marc Cavendish izan zen protagonista nagusia, hark irabazi baitzituen hainbat etapa. Marka hori gertu dauka UAE taldeak, eta baliteke sasoi honetan haustea. Gainera, 78 garaipen horiek hogei ziklista ezberdinekin lortu ditu UAEk. Kontuan izan behar da 29 txirrindularik osatzen dutela taldea.
Kontuak kontu, gaurko etapa ederra eta bizia izan da. Epaileak baimena eman orduko izan dira ihesaldiari ekiteko ahaleginak, eta, kostata izanda ere, azkenean osatu da multzoa aurrean. Multzo handia, bai kopuruari eta bai kalitateari begiratuta. Izen handiko ziklistak sartu dira, eta, tarteren batean, 50 lagunetik gora ere bildu dira. Hasieran, Vismak lan egin du tropelean, baina, ondoren, bide eman dio ihesaldiari. Mugimenduak ez dira falta izan aurrean, eta bukaerara arte ez da ezer erabaki. Bi mendate izan dira guar. Lehenengoan, Alisasen, elkarrekin igaro dira iheslari denak. Bigarren mendatean ez da gauza bera gertatu: La Collada de Brenesen. Errepideak jarri du bakoitza bere tokian.
Landa eta Beloki, bikain
Hain zuzen, sua nagusitu da lehenengo maldatik. Mugimenduak etengabekoak izan dira, eta Mads Pedersen aritu da guztiei erantzuten. Lidl Trekeko ziklistak esprintera iritsi nahi izan du, baina ez du lortu. Ayuso eta Romo izan dira indartsuenak. Biek elkarrekin egin dute gainerako bidea, eta inor ez da gai izan haien gurpilari jarraitzeko. Gertutik jarraitu die Brieuc Rollandek (FDJ), eta tropeltxo bat osatu da atzetik, zortzi lagunekoa: Mikel Landa (Soudal), Markel Beloki (Education Easy Post), Pablo Castrillo (Movistar), Marc Soler (UAE), Abel Balderstone (Caja Rural), Eddie Dunbar (AiUiA), Finlay Pickering (Bahrain) eta Joel Nicolau (Caja Rural). Iheslariek 36 segundoren aldea izan dute mendate gainean.
Jaitsiera arriskutsua izaki, abilezia handiz egun beharrekoa, bazirudien posible zela tropeltxoak bat egitea iheslariekin, baina ez da halakorik gertatu. Landak distiratsu jardun du, Italiako Giroan ornoak hautsi eta min hartuta egon arren, arriskua hartu baitu beherakoan. Hark gidatu du multzoa, baina ez da aski izan aurrekoak harrapatzeko. Belokik ere erakutsi du zenbateko kalitatea duen. Dena den, aldeak gora egin du, eta, minutu bat baino gehiagoren aldea zutela, Ayuso eta Romo eroso ibili dira azken kilometroetan. Esprintean nagusi izan da UAEkoa, eta bi besoak altxatu ditu helmugan. Ohi ez bezala, gaur ez ditu bi eskuak belarrietara eraman.
Maillot gorriari dagokionez, lehiarik ere ez da izan ziklisten artean, eta biharko gorde dituzte indarrak. Vueltako etaparik gogorrenetako bat izango du tropelak, Cabezon de la Sal eta Angliru artean (202,7 kilometro). Lehia interesgarria espero da Jonas Vingegaarden (Visma) eta Almeidaren artean.