Txirrindularitza

Philipsenek hirugarrenez irabazi du aurtengo Vueltan

Esprintean gailendu da berriro, Guijuelon. Vingegaardek lau segundoren gainsaria lortu du Salamancako tarteko esprintean, eta orain 44 segundo ateratzen dizkio Joao Almeidari sailkapen nagusian.

Jasper Philipsen garaipen ospatzen. J.P. GANDUL / EFE
Jasper Philipsen garaipen ospatzen. J.P. GANDUL / EFE
ainara arratibel gascon
2025eko irailaren 12a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jasper Philipsenek (Alpecin) berretsi du Vueltako txirrindularirik bizkorrena dela. Guijuelon amaitutako etapan hura gailendu da, berriro ere esprintean. Hirugarren aldiz lortu du garaipena aurtengo lasterketan. Jonas Vingegaardek (Visma) lau segundoren gainsaria lortu du Salamancako tarteko esprintean, eta horri esker zertxobait handitu du sailkapen nagusian Joao Almeidarekiko zuen errenta: 44 segundora. 

Etapak esperotako bilakaera izan du. Eguneko protagonistetako bat Jakub Otruba (Caja Rural) izan da. Kilometro asko egin ditu bakarrik ihesean, baina 50 kilometro falta zirenean harrapatu dute. Ondoren beste hainbat talde saiatu dira, adibidez, Burgos BH, baina Mario Aparicioren eta Sergio Chumilen ahaleginak hutsala izan dira. Haize-babesak eratzeko arriskua egon da, eta talde indartsuek nahiago izan dute tropela, lasterketa bera, kontrolpean izan.

Azken kilometroetan piztu da sua. Esprintean ondo moldatzen diren txirrindularien taldeek hartu dute tropelaren burua: Alpecinek, Movistarrek eta Lidl Trek taldeak. Buruz buruko polita izan dute; baina, azkenerako, Philipsenen bi laguntzaileak, Jonas Rickaert eta Edward Plackaert, indartsuago aritu dira. Philipsenek ederki biribildu du haien lana. Mad Pedersen (Lidl Trek) izan da bigarren, eta Orluis Aular (Movistar) hirugarren. 

Bihar Vueltako azken-aurreko etapa jokatuko da, Robledo de Chavelaren eta Bola del Mundo tontorraren artean. Joao Almeidak eraso egin beharko du azken igoeran, Vingegaardi 44 segundoren errenta kentzeko. Ikusteko dago, berriz, Vingegaardek zer egiten duen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.