Ziurrenik, denboraldia abiatzen duen lasterketa adina aztertzen da Montmelon jokatzen den sari nagusia. Bahrainen neurtzen dira urtean lehenengoz talde guztiak, baina oraindik heldutasuna falta dute autoek, sendotasuna, segurtasuna. Europako lehen lasterketa erreferentea da, autoa lehen aldiz prest izaten delako duen guztia emateko, ordura arte nahi eta ezin izan dutena abian jartzeko. Neguko saioan izugarri gertu amaitu zuten guztiek, baina atzo Red Bull autoa piztia hezigaitza dela ikusi zen. Soilik Webberrek maneia dezakeen piztia, ordea.
Azkenaldian pistan gertatzen dena zerutik datorren euriak baldintzatu du, eta oraingoan ere eguraldiak bere arreta eskatu du. Baina badirudi eguraldiak tratua sinatu duela 1 Formularekin orain artean, lasterketa autoak pistan izan diren artean eguzkia izan baita goian zaindari. Eta 1 Formulako autoek lanak amaitu dituztenean bakarrik izan dute baimena lainoek nahi izanez gero euria askatzeko. Herenegun gauean bota zuen, eta atzo arratsaldean laino ilunek estali zuten Montmeloko zerua, baina pista lehorra topatu zuten gidariek une oro. Gaur beste kontu bat izan daiteke, baina euria agertu arte, inor ez da konturatzen arriskua hor dagoela. Ez litzateke harritzekoa izango, %70eko euri arriskua baitago iragarrita.
Atzo beldur horiek gabe aritu ziren 24 gidariak lanean, guztiek ere lehorrerako konfigurazioa aukeratu baitzuten lasterketarako. Eta atzokoa ikusita, euri hori beharko dute Red Bull ez beste guztiek garaipenera gerturatu nahi badute. Aspaldian ikusi gabeko nagusitasunarekin sartu baitira aurrean Mark Webber eta Sebastian Vettel. Bi taldekideen artean hamarreneko bat dago soilik, asteburu osoan hala ibili baitira biak. Elkarrengandik oso gertu, hamarren baten bueltan. Gainerakoak, zazpi edo zortzi hamarrenera. Herenegun jada agerikoa zen Red Bull oso sendo ari zela, FP2 saioan gaurkoaren antzeko erakustaldia emanda.
Ferrarik ez du ezkutatu Bartzelonara autoan gauza asko aldatuta ekarri dituela. Dagoeneko famatua den F-hodiari esker, atzeko aileroian haize fluxuak aldatu eta zuzengunean azkarrago joateko aukera dute. Emaitza ona izan duela eta, harekin jarraituko dute hemendik aurrera. Difusorearekin batera lan egiten omen du, eta beste aldaketa batzuekin batera, autoa dezente hobetu zutelakoan ziren. Beste hainbeste esan daiteke Mercedesen inguruan. Motorraren aire sarrera aldatzeko asmoa hasieratik omen zuten, baina lehen lasterketan sartzeko ez omen ziren garaiz iritsi. Horrez gain, autoa luzatu eta difusore berria ere ba omen zuten. Aldiz, Red Bullen berrikuntzez ia ez da berririk zabaldu.
Beste behin, talde batzuek titularrak lortu dituzte, baina pole-a Red Bullek lortu du. Eta nola, gainera. Sebastian Vettelek berak zioen sailkatzeko saioen ondorengo prentsaurrekoan autoak kanpoaldetik aldaketa txikiren bat zuela, baina barruan egin dioten guztia ezkutuan zihoala, eta hala gordeko zituela, ezkutuan. Emaitza, ordea, agerikoa.
Webber nagusi oraingoan
Bi gidariren emaitzak elkarren artean oso gertu izaten direnean, normala izaten da batzuetan bata eta bestetan bestea gailentzea. Baina asteburu honetan, eta atzo bereziki, Webber izan zen Vettel baino azkarragoa. Hamarrenbatek banandu ditu gehienetan, eta hori huskeria bat da, edozein bihurgunetan gal edo irabaz daitekeena. Baina hamarren hori etengabe gidari beraren aldekoa denean, pentsatu behar da horren atzean zerbait gehiago dagoela. Horrelaxe aritu da Webber, eta zilegi da esatea australiarra izan dela onena.
Webberrek bere aukera aldarrikatu du
Red Bull taldeko bi gidariek osatu dute gaurko lehen lerroa, eta aurkari guztiak oso urrun utzi dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu