Cornellako bigarren instrukzio epaitegiko epaileak agindu du ahozko epaiketa egiteko Iñaki Williamsen aurka oihu arrazistak egiteagatik akusatutako Espanyolen zalearen aurka. 2020ko urtarrilaren 25ean izan ziren oihu horiek, Athleticek Cornellan jokatutako neurketan. Hala, epaileak kontuan hartu ditu fiskalak eta Espainiako Futbol Liga Profesionalak aurkeztutako akusazio idatziak.
Ahozko epaiketa egitea eskatzen zuten, baita akusatua zigortzea ere. Hauxe eskatu zuten: bi urte arteko espetxe zigorra, isun ekonomikoa, futbol zelaietara sartzeko debekua, biktimarengana gerturatzeko debekua, eta bestelako gaitasun gabetze berezi batzuk. Biktimaren duintasunari kalte egitea egozten diote akusatuari, besteak beste. Lehen aldia da halako kasu batean ahozko epaiketa dagoela.
Williamsek 70 minutuz jokatu zuen partida hartan, eta Raul Garciarekin ordezkatu zutenean jaso zituen oihuak eta irainak. Espanyolen animazio harmailatik pasatzen ari zela izan zen. Norgehiagokaren amaieran, gertatutakoa salatu zuen Williamsek. "Triste noa. Inork ez luke halakorik bizi behar. Jendeak disfrutatzera eta bere taldea animatzera etorri beharko luke futbolera. Bestelako jendea sobran dago futbolean".
Neurketan zehar, Iker Muniain Athleticeko kapitainak gertatzen ari zenaren berri eman zion epaileari. Baina hark ez zuen ezer jaso partidako aktan, argudiatuz oihuak ez zituela entzun. Baina Espanyolek, Futbol Liga Profesionalak eta Poliziak ikerketa hasi zuten. Azkenerako, atxilotu bat egon zen, eta hura da epaituko dutena. Hasieran, Espanyolek hamabi zale identifikatu zituen. Horietatik bederatzi klubeko bazkideak ziren.