ATLETISMOA

Wlodarczyk, banakako proba bera hiru Olinpiar Jokotan irabazi duen lehen emakume atleta

2012an Londresen eta 2016an Rion egin bezala, urrea irabazi du mailu jaurtiketan. 200 metrokoan Thompson-Herah nagusitu da, berriro.

Wlodarczyk, pozarren, gaur.
Igor Susaeta.
2021eko abuztuaren 3a
10:49
Entzun

Egun historikoa izan da, gaurkoa, Tokioko olinpiar estadioan. Izan ere, banakako proba bera hiru Olinpiar Jokoetan irabazi duen lehen emakume atleta bihurtu da Anita Wlodarczyk. 35 urteko poloniarrak mailu jaurtiketan urrea irabazi du, berriro, Londres 2012an eta Rio 2016en egin bezala. 78.48 metroko marka egin du. Zheng Wangentzat (Txina) izan da zilarra 77.03 metrorekin, eta Malwina Kopronentzat (Polonia) brontzea, 75.49 metrorekin.

Poloniarrak du munduko marka, 2016ko abuztuan Varsovian egindakoa, 82.92 metroko jaurtiketa batekin. Bera izan zen, hain zuzen, 80 metrotik gorako jaurtiketa bat egin zuen aurreneko emakumezkoa. Lau aldiz izan da Europako txapeldun, eta beste hainbeste aldiz mundukoa.

Tokion bost emakume zeuden poloniarrak egin duena egiteko moduan. Shelly-Anne Fraser-Prycek (Jamaika) 100 metrokoan, Valerie Adamsek (Zeelanda Berria) pisu jaurtiketan, eta Sandra Perkovicek (Kroazia) pisu jaurtiketan ezingo dute lortu, eta ikusteko dago ea Barbora Spotakova (Txekia) gai izango den xabalinan.

Karsten Warholmek (Norvegia) ere balentria egin du. «Ero baten moduan amestu dut hau«, adierazi die kazetariei Warholmek. 400 metroko hesidunean berak joan den uztailaren 1ean ezarritako munduko marka ondu du, gaur, Tokion, eta urrezko domina kolkoratu: 46,70eko denbora egin zuen uztailaren 1ean Oslon, eta 45,94koa gaur. 400 metroko hesiduneko inoizko lasterketarik azkarrena izan da, Rai Benjamin (AEB) bigarren sailkatuak eta Alison Dos Santos (Brasil) hirugarrenak inoizko denborarik onenetan bigarren eta laugarren egin baitute, hurrenez hurren, Japoniako hiriburuko olinpiar estadioan: 46,17 Benjaminek eta 46,72 Dos Santosek.

Warholm zen irabazteko faboritoa, munduko azken txapelduna izaki, eta aintzat hartuta duela hilabete baino gehiago Oslon egindako marka. Eta pronostikoak bete ditu. «Nire bizitzako momenturik handiena da, historikoa; nire bilduman falta zen bakarra zen [olinpiar urrea]». Lasterketari berari dagokienez esan du ez duela hesi bakar bat ere ukitu.

[youtube]https://youtu.be/KzsODz_fdsY[/youtube]

Urte biribila osatzen ari da 25 urteko norvegiarra. Uztailean lortu zuen aurreko marka zaharra, Kevin Youngek (AEB)1992ko Olinpiar Jokoetan lortutakoa (46,78), hobetzea, eta gaurkoa are historikoagoa izan da, 46 segundo baino gutxiago behar izan baititu estadioari buelta osoa emateko.

Eta Elaine Thompson-Herahk (Jamaika) ere handia egin du, gaur, Tokion. Joan den larunbatean, 100 metroko lasterketan irabazi zuen urrea, eta, gaur, 200 metrokoan irabazi du; gainera, inoizko markarik onenetan bigarrena eginez: 21,53 —Florence Griffith zenarena da munduko marka, 1988tik: 21,34—. Modu honetan, Rio 2016en egindakoa errepikatu du jamaikarrak, orduan ere urrea irabazi baitzuen bi lasterketetan. Zilarrezko domina Christine Mbomarentzat izan da (Namibia) 21,81ekin, eta brontzezkoa Gabrielle Thomasentzat (AEB), 21,87ko denborarekin.

Emakumezkoen luzerako jauziko finala ere jokatu da dagoeneko, eta urrea Malaika Mihambok (Alemania) irabazi du, 7.00 metroko jauzia eginda. Zilarra Brittney Reeserentzat (AEB) izan da 6,97rekin, eta marka bera egin du brontzea kolkoratu duenak, Ese Brumek (Nigeria).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.