Futbola

Xabi Alonsorentzako bost urteko kartzela zigorra eskatu du fiskaltzak

2010, 2011 eta 2012. urteetan bi milioi euroko iruzurra egitea egozten dio futbol jokalari ohiari.

2018ko martxoaren 21a
07:19
Entzun

Madrilgo Fiskaltzaren Delitu Ekonomikoen Sailak bost urteko kartzela zigorra eskatu du Xabi Alonsorentzat. Real Madril taldean aritu zen garaian hiru delitu ekonomiko egitea leporatzen dio futbol jokalariari.

Fiskaltzak zigor bera eskatu du Alonsoren aholkulari Iban Zalduarentzat eta Kardazli Comercio Inbertsio eta Kardazli Comercio Serviços de Consultoria e Investimentos LDA enpresako administratzaile Ignasi Maestrerentzat.

Horrez gain, akusatuetako bakoitzari lau milioi euroko zigorra ezartzeko eskatu du, ardura zibilarengatik. Espainiako Ogasunari 2.032.845 euro ordaintzera behartu ditzatela ere eskatu du; fiskalaren arabera, hori izan baitzen iruzurraren bidez Ogasunari ordaindu gabe utzitako diru kopurua, interesak gehituta.

Fiskaltzak 2016an salatu zuen Alonso, Espainiako Ogasunak jarritako salaketa bat aztertu ondoren. Estatuko fiskal nagusiaren aginduz egin zuen, salaketa artxibatzearen aldeko hasierako txostena alboratuta. Kasua artxibatzea erabaki zuen Madrilgo 40. epaitegiak, baina auzia berriz ireki zuen Madrilgo Auzitegiak. Jokalariaren irudi eskubideei buruzko kontratuak legezkoak ziren ala ez ikertzea agindu zuen auzitegi hark.  

Fiskaltzaren esanetan, Alonso eta beste bi auzipetuak ados jarri ziren 2009an, jokalariaren irudi eskubideak "itxuraz" Kardazli enpresaren esku uzteko, Alonsok "legez kanpoko onura fiskala lortzeko asmoz". Maestrek kudeatzen duen enpresak Madeiran (Portugal) du egoitza, baina Panaman errotuta dagoen beste enrpesa bat da haren jabe, eta Alonso bera da azken enpresa horren jabe %100ean, 2009ko abenduaren 16az geroztik. Operazioa Zalduak aholkatuta egin zuen jokalariak, fiskaltzaren esanetan.

Kardazli enpresak 2.083.400 euroko diru sarrera izan zuen Alonsoren irudi eskubideengatik, 2010 eta 2012 urteen artean. Diru kopuru hori urte horietako Alonsoren PFEZaren oinarri zergagarriari gehitu beharko litzaiokeela defendatu du fiskaltzak. Ohartarazi duenez, hala ez egiteak 2.032.845 euroko kaltea eragin zion Espainiako Ogasunari.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.