Euskal Herriko futbolak bere ikurretako bat galdu du: Xabier Azkargota hil da. Azpeitian (Gipuzkoa) jaioa, entrenatzaile izan zen, eta gaur hil da Santa Cruz de la Sierran, Bolivian, han bizi baitzen aspaldian. 72 urte zituen, eta denbora zeraman osasun arazoak pairatzen. Duela hilabete eskas jakinarazi zuen bihotzeko gaixotasun bat zuela aspalditik, eta haren emaztea eta semea une oro ari zirela hura zaintzen.Â
Azkargortak kirol ibilbide luze eta oparoa egin zuen; lehenbizi, futbolari gisa, eta, gero, entrenatzaile lanetan. Teknikari arituta nabarmendu zen batez ere, hautatzaile izan zenean, hain zuzen. Boliviako eta Txileko selekzioak zuzendu zituen. Boliviarekin historia egin zuen, haren esanetara herrialde horretako selekzioa lehen aldiz sailkatu baitzen Munduko Kopa baterako: 1994an AEBetan jokatu zen txapelketarako.
1995ean, berriz, Txileko selekzioaren ardura hartu zuen, baina haren gidaritzapean hala moduz aritu zen Txile, eta 1998an kargutik kendu zuten. Jarraian, Japoniara joan zen, Yokohama Marinos taldea zuzentzera. Urtebete egin zuen han, eta, gero, aulkietatik bulegoetara pasatu zen, Real Madrilen Amerikako enbaxadore izendatu baitzuten.
2005ean itzuli zen berriro aulkietara, Mexikoko Chivas taldea entrenatzera. Hiru hilabete eskas iraun zuen han. Valentziako kirol zuzendari izatekotan izan zen gero, baina azkenean ez zitzaion aukera suertatu. Bere bigarren etxera itzuli zen, Boliviara, eta berriro hartu zuen selekzioaren lema. Baina bigarren aldi horretan ezin izan zituen aurrenekoaren pareko emaitzak lortu, eta federazioak kargutik kendu zuen bi urte geroago.Â
Bolivian geratu zen, eta herrialde horretako talderik garrantzitsuenak zuzendu zituen bata bestearen atzetik: Oriente Petrolero, Bolivar, Sport Boys eta Atletico Palmaflor. Talde hori izan zen zuzendu zuen azkena. 2020an hartu zuen erretiroa entrenatzaile bezala. Ondoren, Santa Cruz de la Sierrako udaleko kirol aholkulari aritu zen.Â
Azkargortak Bolivian bukatu zuen bere kirol ibilbidea entrenatzaile gisa, baina hasi, etxean hasi zen, Azpeitian, Lagun Onak-en gazte kategoriako taldea entrenatu baitzuen. 25 urte zituela atera zuen entrenatzaile titulua. Lagun Onak-etik Ondarroara (Bizkaia) joan zen, Hirugarren Mailako Aurrera Ondarroa taldera. Beste jauzi bat egin zuen gero, Espainiako Bigarren Mailako Gimnastic Tarragonara. Oso lan ona egin zuen han, eta horrek Espainiako Lehen Mailan entrenatzeko aukera eman zion. 1983an hartu zuen Espanyolen ardura, 29 urte besterik ez zituela; inork ez zuen horren gazte entrenatu Espainiako Lehen Mailako talde bat. Valladolid, Sevilla eta Tenerife zuzendu zituen gero Espainiako Lehen Mailan; guztira, 229 partida.
Entrenatzaile izan aurretik, futbolari izan zen. Baina ibilbide laburra egin zuen. Etxean hasi zen jokatzen, Lagun Onak-en. Berehala nabarmendu zen, eta Realak fitxatu egin zuen gazte kategorian aritzeko. Bi urtez aritu zen talde txuri-urdinaren harrobian. Baina Azkargortak medikuntza ikasi nahi zuen, eta, hori egin ahal izateko, Bilbon ikasi beharra zuen. Hala, Athleticera joan zen. Baina zorte oso txarra izan zuen talde zuri-gorrian, 20 urte zituela lesio larria izan baitzuen. Futbolean hasitako ibilbidea eten zion horrek. Hala ere, jokatzen jarraitu zuen, etxeko taldean, Lagun Onak-en. Hain zuzen, hura jokalari zela igo zen Azpeitiko taldea Hirugarren Mailara. Baina berriro lesionatu zen, eta erretiroa hartu behar izan zuen, oso gazte, 22 urte zituenean. Zelaitik aulkira pasatu zen, eta entrenatzaile lanetan ibilbide ederra egin zuen. ETBko kirol esatari aritu zen ere.Â
Larrañaga: «Entrenatzaile berezia zen»
«Pena handia dut. Nik haren anaiarekin nuen harremana batez ere, baina gertukoa nuen Xabier. Pertsona ona zen, gertukoa eta hiztuna», esan du Juanan Larrañagak, haren herrikide eta lagunak.Â
Dioenez, hizketaldi horiek ia beti ziren futbolari buruzkoak. «Asko gustatzen zitzaion futbola: beti zuen buruan futbola. Futbol polita egitea gustatzen zitzaion: baloia izatea gustatzen zitzaion», azaldu du Realeko jokalari izandakoak.
Gaur egun, euskal entrenatzaile asko ari dira etxetik urrun lanean, eta, Larrañagaren ustez, baliteke Azkargorta horien «aitzindari» izana. «Garai horretan oso arraroa zen horren urrun joatea entrenatzera. Baina hari kanpoan bizitzea gustatzen zitzaion. Alde horretatik ere berezia zen».
«Entrenatzaile zorrotza eta oso gertukoa aldi berean». Horrela azaldu du nolakoa zen Azkargorta. «Asko gustatzen zitzaion jokalariekin hitz egitea, gustatzen zitzaion hark pentsatzen zuena jokalariei transmititzea. Horretan pauso bat aurrera zihoan. BigotĂ³n deitzen zioten (bibotezar), bere biboteagatik, baina goitizen horretaz harago, entrenatzaile berezia zen, baina, batez ere, entrenatzaile ona zen. Gauza asko egiten zituen oso ondo. Hara zer egin zuen: Munduko Kopara eraman zuen Bolivia».Â