Maiatzaren 31n hasi zen XII. Bizkaia Torneoa, eta, gaur arratsaldean, Bilboko Bizkaia Pilotalekuan izango da finala. Sollube eta Oiz taldeek lortu dute amaieraraino iristea. Alde batetik, Sollube izenpean, Agirre izango da lau eta erdikoan, Artola eta Albisu binaka, eta Bakaikoa buruz buru. Bestalde, Peio Etxeberriak jokatuko du lau eta erdian, Elordi eta Zabaletak binaka, eta Salaberriak buruz buru. 18:30ean hasiko da lehenbiziko partida: Agirre eta Peio Etxeberriaren artekoa.
Orozkon, Lezaman, Durangon eta Larrabetzun jokatu dituzte txapelketako pilota partidak. Guztira, 24 pilotarik parte hartu dute, sei taldetan banatuta. Talde bakoitzak mendi baten izena du: Oiz, Anboto, Kolitza, Ganekogorta, Sollube eta Gorbeia. Taldeka jokatzen den bakarra da Bizkaia Torneoa, baita hiru espezialitate uztartzen dituena ere: banakakoa, binakakoa eta lau eta erdikoa.
ETB1en zuzenean ikusteko aukera izango da.