Yeray Alvarez Athleticeko jokalariak positibo eman du UEFAren dopin analisi batean. Zehazki, Europako ligan Manchester Uniteden aurka jokatutako finalerdietako joaneko partidaren ostean egindako kontrolean eman zuen positibo. Kasua ikertzen ari dira, eta, bitartean, zelaietatik kanpo egon beharko du atzelari bizkaitarrak.
Hark sare sozialetan adierazi duenez, duela aste batzuk izan zuen horren berri. Jokalariak esan du minbizia gainditu zuenetik alopeziaren aurkako tratamendua jasotzen ari dela eta orain jakin duela hartutako botika batek debekatuta dagoen substantzia bat duela: «Nahi gabe izan da; kolpea hartu dut, inoiz ez baititut debekatutako substantziak kontsumitu».
Barkamena eskatu du, eta azpimarratu ahalik azkarrena itzuli nahi duela zelaietara. Horretarako lanean ari dela adierazi du, «klubaren laguntzaz».
«Athletici hasieratik emandako babesa eskertu nahi diot; konfiantza dut justizian eta kirol instituzioetan», gaineratu du. Behin prozesua amaitutakoan azalpen guztiak emango dituela jakinarazi du Alvarezek.
Athleticek babes osoa helarazi dio jokalariari, «giza akatsa» izan delako. Taldekideek ere babes mezuak idatzi dizkiote.