Ygueravidek ezarri du aldea lehen partidan

Defentsako lanari esker sei punturen aldearekin joango da Gernika Zaragozara. Sandra Ygueravide izan da neurketako izarra, 20 puntu eta hamar asistentziarekin

Sandra Ygueravide Gernikako antolatzailea, atzo, baloia eskuetan duela barneraldi bat egiten. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Neurketa erabatekoa jokatuta gailendu zen Gernika atzo, Malosten, ligako final-laurdenetako joaneko partidan. Bizkaitarrek meritu handiko partida osatu zuten Andrijana Cvitkovic eta Brooque Williams gabe —Williamsek partidan sartu bezain pronto hartu zuen min—, eta 75-69 irabazi zuten azkenean. Sandra Ygueravide izan zen neurketako izarra—20 puntu eta 10 asistentzia lortu zituen—, baina talde osoaren defentsako lana nabarmentzekoa izan zen. Igandean erabakiko da kanporaketa, Zaragozako Felipe Printzea pabiloian.

Partidak hasiera orekatua izan zuen. Gernikak bazekien zuloa saski azpian zeukala, eta talde lan ona egin zuen ahulgunea indartzeko. Da Silvak ondo zaindu zuen Markeisha Gatling, eta, gainera, bi baten aurkako defentsa prestatu zuen Anna Montañanak. Partidari erritmoa jartzeko lehia bizia izan zuten Ygueravidek eta Mariona Ortizek. Bi antolatzaileek ederki bete zuten beren lana erasoan, eta, saskiari begira asmatzeaz gain, taldekideak abantailarekin aurkitu zituzten behin eta berriro. Jo eta jaso, jaso eta jo. Hala aritu ziren bi taldeak lehen hamar minutuetan, eta azkenerako 16-19 amaitu zen laurdena.

Bigarren laurdenari sendo ekin zion Gernikak, eta Itziar Ariztimuñoren bi saskiratzek aurretik jarri zituen bizkaitarrak. Defentsan, gainera, oldarkor aritu ziren Ariztimuño buru zutela, eta kostata lortu zituen saskiratzeak Zaragozak. 11 puntu soiliksartu zituen Carlos Canteroren taldeak bigarren laurden horretan. Da Silvak ez zuen bigarren laurdena jokatu, bi falta baitzituen, eta saski azpia zaintzeko zonakako defentsa behin baino gehiagotan jarri zuen Montañanak. Lanaren ondorioz, bi puntuz gainetik joan zen Gernika atsedenaldira. Albiste txar bakarra Brooque Williamsen lesioa izan zen.Estatubatuarrak orkatila bihurritu zuen bigarren laurdena hasi bezain pronto, eta ez zuen neurketa osoan gehiago jokatu.

Atsedenalditik bueltan lehen laurdenaren antza hartu zuen neurketak. Oso geldialdi gutxi izan ziren, eta erritmo bizia ezarri zuten bi taldeek. Erasoan asmatu egin zuten kanpoko lerroko jokalariek, baina defentsan arazo gehiago izan zituzten denek.Ygueravidek fin bete zuen haren lana. Esperientzia handiko jokalaria da, eta badaki gauza bakoitza noiz eta nola egin. Gainera, Da Silva izan zuen ondoan. Portugaldarrak ederki baliatu zituen minutuak Gatling ez zegoenean, eta Serena Geldofi behin eta berriro nagusitu zitzaion, defentsan zein erasoan. Horrela, lau punturen aldearekin iritsi ziren bizkaitarrak azken hamar minutuetara: 52-48.

Azken laurdenean sartuta, defentsako lan handia egin zuen Gernikak. Gatling bere onetik atera zuten, ez baitzioten arnasa hartzen ere utzi. Defentsako lanarekin, Laura Spreaficoren hirukoekin, eta Ygueravideren barneraldiekin zortzi punturen aldea lortu zuen etxeko taldeak, eta azken minutu horietan neurketaren garrantzia igarri zen. Saskiratze bakoitza lortzeko jokaldia ondo landu beharra zegoen, eta hor nagusi izan zen etxeko taldea. Azkenean, jaurtiketa libreen dantza tarteko, sei punturen aldea eramango du Gernikak Zaragozara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.