Yuri Berchichek 2027ko ekainera arte luzatu du Athleticekin zuen kontratua. Zarauzko (Gipuzkoa) atzelaria 2018an heldu zen Athleticera, Frantziako PSG taldetik, eta geroztik 278 norgehiagoka jokatu ditu, eta 15 gol sartu. Horrez gain, 2021ean Espainiako Superkopa irabazi zuen, eta 2024ko Espainiako Kopako garaikurraren protagonistetako bat izan zen. Klubak argitaratu duen agirian, Yuri taldeko «erreferente» bilakatu dela azpimarratu du, eta «lehiatzeko gaitasunarengatik» eta «grinarengatik» harmailaren «ikurretako bat» bilakatu dela azpimarratu du. Joan den denboraldian 39 partida jokatu zituen.
Yuri «harro» dago Athleticen segitzeagatik. «Oso pozik nago. Nire kirol ibilbideko urterik onenak izan dira hauek. Plazera da». Datorren denboraldiari begira oraingoan egindakoa hobetzeko lan egingo dutela azaldu du: «Irrikaz nago entrenatzaile berriarekin lanean hasteko».
Edin Terzic da entrenatzaile hori. Hain zuzen ere, klubak gaur jakinarazi du zein izango den Terzicen entrenatzaile taldea. Sebastian Geppert izango da bigarren entrenatzailea eta analista, Peter Gaydarov entrenatzaile laguntzailea eta entrenamenduen arduraduna, eta Oscar de Marcos jokalarien eta taldearen garapenerako arduraduna. Guardiakoak (Araba) aurreko denboraldian hartu zuen erretiroa. Hamasei denboraldiz aritu zen elastiko zuri-gorriarekin, eta guztira 573 neurketa jokatu zituen.