Espainiako Superkopa

Zaila bada, badago lortzea

Athleticek Espainiako Superkopako finalerdia jokatuko du gaur, Saudi Arabian, Bartzelonaren aurka. Iñigo Martinezek oso faborito ikusten du Bartzelona, batez ere zuri-gorriak bolada zailean daudelako.

Unai Simon Athleticeko atezaina Yedako aireportuan, astelehenean. ANGEL MARTINEZ / EFE
Unai Simon Athleticeko atezaina Yedako aireportuan, astelehenean. ANGEL MARTINEZ / EFE
jon eskudero
2026ko urtarrilaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iragan denboraldiko lan bikainaren ondorio, Espainiako Superkopari helduko dio gaur Athleticek, Saudi Arabiako lurretan. Besteak beste, ligan laugarren postuan sailkatu ziren zuri-gorriak, eta, Txapeldunen Liga jokatzeko ez ezik, Superkopan parte hartzeko eskubidea ere irabazi zuten. Horri esker, titulu bat izango du jokoan Ernesto Valverderen taldeak, gaurtik hasita. Bartzelona ahaltsuaren aurka neurtuko ditu indarrak finalerdietako batean, 20:00etan. Beste finalerdia bihar jokatuko dute Real Madrilek eta Atletico Madrilek, eta bi talde irabazleak igandean neurtuko dira finalean. Ligako hiru talde erraldoiekin lehiatu beharra ez zaio erraza egingo Athletici, baina helburu bat eta bakarra du Valverdek: joan den sasoiko jokoa berreskuratzea. Hori lortuz gero, ezustea emateko aukera gehiago izango dute bilbotarrek. Ez litzateke lehen aldia izango.

Izan ere, Superkopa lehiaketa kuttuna du Athleticek, hiru titulu ditu eta. Gainera, hainbat aldiz egokitu zaio Bartzelonaren aurka jokatzea historia guztian zehar. Orain arte bost aldiz aritu dira aurrez aurre, gaurkoa izango da seigarrena, eta birritan gailendu izan dira euskaldunak. 1983an 2-3 galdu zuten zuri-gorriek kataluniarren aurka. 2009an are handiagoa izan zen porrota: 1-5. Odolkiak ordainetan 2015ean eman zizkion Athleticek Bartzelonari: joan-etorriko partidak kontuan hartuta, 5-1 irabazi zuten bilbotarrek. Gogoangarria izan zen 2021ekoa, finalean 3-2 nagusitu baitziren zuri-gorriak. Marcelino Garcia Toral iritsi berria zen Athleticen aulkira, eta, pronostiko guztiak hautsi, eta titulu garrantzitsua eman zion klubari. Iaz, berriz, Bartzelona aise gailendu zen finalerdian, Saudi Arabian bertan: 0-2.

Bada, bigarren urtez jarraian, Saudi Arabiako lurretara bidaiatzea egokitu zaio Athletici, halabeharrez. Gai horri dagokionez ere polemika apur bat izan da klubaren barruan azken egunetan. Iñaki Williams kapitainak aho bizarrik gabe esan zuen oso desegokia dela Superkopa hain urrun jokatu behar izatea. Bi egun geroago, Valverdek hitz egin zuen prentsaren aurrean, eta hitzak neurtzeko eskatu zion Williams anaietako zaharrenari. «Hauxe da dagoena, eta errespetatu egin behar dugu». Izan ere, 2029ra arte Arabian jokatuko da Superkopa. Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidentea zela, urte luzeetarako kontratua sinatu zuen arabiar ordezkariekin. Tartean zen Gerard Pique Bartzelonako jokalari ohia ere. Kasua epaitegietan dago, baina, oraingoz, ez dirudi datozen urteetan plan aldaketarik izango denik.

Kontuak kontu eta iritziak iritzi, zelaiko lanari erreparatzea du aukerarik onena Athleticek. Bere buruarekin nahiko lan badu aspaldi honetan, eta kontuak zuzentzen hasteko aukera ona izan dezake. Ilusiorik ez dute falta jokalariek. Bada, Athletic eta Bartzelona ondoen ezagutzen dituztenetako bat izango da Iñigo Martinez (Ondarroa, Bizkaia, 1991). Bost denboraldi eta erdiz aritu zen Bilbon, eta beste bi egin zituen Bartzelonan. Saudi Arabian ari da sasoia hasi zenetik, baina gertutik erreparatzen dio bi taldeen ibilbideari. Faborito garbi ikusten ditu kataluniarrak. «Harremana dut bi taldeetako jokalari askorekin, eta, finalerdi honi dagokionez, Bartzelona oso faboritoa izango da. Talde hobea dauka, jokalariek kalitate handiagoa daukate, eta, gainera, Athletic askoz bolada zailagoan dago. Ez dio buelta ematen egoerari, eta unean uneko konfiantzak urrearen balioa du kirolean. Dena den, ezusteak beti gertatzen dira, eta ezin daiteke ezer aurreikusi».

Athletic, etxetik kanpo bezala

Finalerdia ikustera joateko ez ezik, taldekide ohiekin egoteko plana ere egina zeukan Martinezek, baina ezin izango du finalerdia harmailetatik ikusi. «Nire asmoa zen partida ikustera joatea, baita bi taldeen hoteletara ere, lagunekin egoteko. Hegazkinez ordubete eskasera daukagu Yeda, baina hurrengo egunean partida ipini digute, eta ezingo dut bidaiatu. Pena izugarria daukat, baina entrenatzaileak ez digu baimenik ematen beste norabait joateko». Al Nassr-eko taldekideekin ikusiko du partida, hotelean kontzentratuta. «Athleticekin lortu nuen titulu bakarra 2021ean eskuratutako Superkopa hura izan zen. Inork ez zuen usteko guk irabaziko genuenik, eta sorpresa galanta eman genuen. Zergatik ez orduko hura errepikatu?».

Orduko hura, ordea, Sevillan (Espainia) jokatu zen, eta partida Arabia Saudin izateak gauzak aldatu egiten ditu, Martinezen esanetan. «Hemen guztiak Real Madrileko edo Bartzelonako elastikoa jantzita ibiltzen dira. Badakigu Athletic oso indartsua dela San Mamesen, baina hemen etxetik kanpo bezala sentituko da. Harmailak Bartzelonako kolorez jantzita egongo dira, eta horrek gauzak are zailago bihurtuko dizkie zuri-gorriei». Adi egotea izango da gakoa. «Hasieratik bukaerara sinetsi egin behar du Athleticek, eta min egin dezake erasoko jokalariak inspiratuta badaude. Lerroak oso aurreratuak dituela jokatzen du Bartzelonak, eta hori baliatzea izango da Athleticen arma nagusia».

Bartzelona-Athletic

Bartzelona. Joan Garcia; Kounde, Cubarsi, Gerard Martin, Balde; Eric Garcia, De Jong; Lamine Yamal, Raphinha; Rashford; eta Lewandowski. 

Athletic. Unai Simon; Areso, Vivian, Paredes, Adama Boiro; Rego, Jauregizar; Robert Navarro, Sancet, Nico Williams; eta Berenguer. 

Epailea. Isidro Diaz de Mera.

Lekua. King Abdullah, Yeda (62.242 ikusle).

Ordua. 20:00 (Movistar +). 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.