TXIRRINDULARITZA. MUNDUKO TXAPELKETA VERONAN

Zailena egina dago

Gaur hasiko dira errepideko probak; Astarloak Somarriba baino aukera gehiago du, zirkuitua egokiagoa delako; garaipenean sinestea da gakoa, eta Astarloak iaz eman zuen pauso hori

2004ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Iaz ez zen faborito eta aurten ere ez luke izan behar, denboraldiko emaitzei erreparatuz gero. Igor Astarloa, ordea, ez da edonor, ez da txirrindulari ezezaguna. Jarduneko munduko txapelduna da eta horrek, berak nahi badu eta ez badu, faborito izatera derrigortzen du. Garaiezin zirenak garaitzen ikasi du Ermukoak, edonor mendean har dezakeela sinesten du, eta pauso guztietan zailena eman zuen iaz: munduko txapelduna izatea.

Hamiltongo urreak faboritoen zerura igo zuen Astarloa. Euskalduna beti da faboritoa egun bakarreko probetan eta Kanadako Munduko Txapelketa irabazi zuen bezala irabaz ditzake beste batzuk. Veronakoa adibidez. Astarloak bezala, ordea, beste askok dute lekua faboritoen taldetxo horretan, eta hor hasten dira komeriak. Izar multzo horretako asko Astarloaren pare aritu daitezke, eta baten batzuk, hobeto.Izenak esaten hasi eta nekeza egiten da bukatzea: Bettini, Rebellin, Boogerd, Freire, Valverde, Van Petegem, Cunego, Zabel, Boonen, O'Grady, Basso, Hushovd, Dekker, Van Heeswijk, Vinokourov, Flecha, Hincapie... Astarloaren aurkariak dira horiek denak, baita izendatu gabe geratu diren beste hainbat ere.Zirkuituko ibilbidea 1999. urtekoaren antzekoa da. Orduan ere Veronan jokatu zen munduko txapelketa, eta aldaketa txiki batzuk egin badituzte ere, ezaugarriak bertsuak dira. 14.75 kilometro ditu zirkuituak, orain bost urtekoa baino kilometro bi laburragoa da, eta aldapa bakarra du. Bakarra, baina tentea. Tentea eta erabakigarria, ondo bidean. Ez da luzeegia, hiru kilometro pasatxo, baina batez bestekoa aintzat hartzeko modukoa da: %7,2. Torricelle izena du gainak, eta handik helmugarainoko zortzi kilometroetatik erdiak beherantz dira, eta beste laurak, ordekan, Veronako kale artean. Gaina harrapatu ostean, helmugarainoko bidea oso azkarra da. Oscar Freire espainiarrak irabazi zuen 1999an, ezustean, eta ez harritu aurten antzekoa gertatzen bada.

Somarribak oso zail du dominen borrokan sartzea

Lan zaila du Astarloak, baina zailagoa Joane Somarribak. Derrigorrezkoa da abiadura pittin batedukitzea, eta bizkaitarrak ez du halakorik. Dominak talde txiki bateko esprintean erabakiko dira, baina Somarribak jai izango du konpainia bi lagunena baino handiagoa bada. Erlojupekoan hartu zuen kolpe psikikotik osatu den ere ikusteko dago, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.