Euskal Herriko pentatloi txapelketa jokatu da bart Azpeitiko zezen plazan, eta Xabier Zalduak irabazi du txapela, tartearekin. Iaz ere bera izan zen garaile, eta erakutsi du ez zela kasualitatea izan. Ez zen denbora osoan aurretik izan, baina erabat nagusi izan zen lasterkan. Bigarren txandan lehia estua izan zen, emozioa, eta irabazlea.
Zaldua bera, Otaegi eta Arria V.a lehiatu ziren bigarren txandan, eta aurreneko txandan ere lehiakide gogorrak ziren arren, nahiko hasieratik ikusi zen bigarren horretan izango zela txapelduna. Elkarri pegatuta ibili ziren, eta azkenean, lehen hiru postuak beraienak izan zirren.
Otaegi hasi zen aurretik. Harria jasotzen bera nagusi, aizkoran ere bai, giza proban eta txingetan ere. Bera hasi zen aurrena korrika, Zalduari ia bi bueltako tartea hartuz. Atzetik zetorkion Zaldua, eta atzeragotik Arria V.a. Azken hori harria jasotzen geratu zen atzean, espero bezala, baina aizkoran ez zuen aurreikusi adina aurreratu, eta lasterka egitera ere nahiko beteta iritsi zenez, ez zen gai izan besteei aurre hartzeko.
Korrikako tartean, Zalduak nahiko azkar harrapatu zuen Otaegi, eta behin baino gehiagotan pasatu zitzaion albotik. Gozatuz eta publikoarekin garaipena partekatuz egin zuen azken buelta, garbi irabaztera baitzioan.
Arriak V.ak ere harrapatu zuen atzetik Otaegi, baina, ez zuen aurreratu, bere erritmoari segitzea erabaki zuen, eta halaxe egin zuen bidearen zati handiena. Azken buelta bakar-bakarrik egin zuen, Otaegik buelta bateko aldea kendu baitzion.
Plaza bete jende izan zuten kirolariek, animoak eman eta eman. Gazte eta heldu. Eta oso eskertuta agertu ziren.
Honela gelditu zen sailkapena:
1. Xabier Zaldua: 38:30
2. Joseba Otaegi: 39:01 (+0:31)
3. Arria V.a: 39.54: (+1:24)
4. Luis Txapartegi: 41:40 (+3:10)
5. Aratz Mugertza: 43:03 (+4:33)
6. Aizperro: 45:28 (+6:58)