Zaleekin batera ospatu du garaipena Bilbo Basketek

Ehunka zalek harrera egin diete Bilbo Basketeko jokalariei hiribilduko udaletxean eta foru jauregian. FIBAren Europako Kopa bigarren aldiz jarraian irabazi dute, PAOK Tesalonikaren kontra.

  Bilbo Basketeko jokalariak kopa altxatzen, gaur, udaletxean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Bilbo Basketeko jokalariak kopa altxatzen, gaur, udaletxean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2026ko apirilaren 30a
21:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

FIBAko Europako Kopako finalak iazko protagonista berberak izan ditu. Hala ere, iaz ez bezala, Surne Bilbo Basketek bere zelaian, Miribillan, jokatu du PAOK Tesalonikaren kontrako bueltako partida; baita garaikurra lortu ere. Horrenbestez, zaleek eskatutakoa bete egin dute Bilbo Basketekoek: etxean irabazi zuten atzo, eta ehunaka zalerekin batera ospatu dute gaur.

PAOK Tesalonika saskibaloi talde greziarrak finaleko joaneko partidan bere zelaian pilatu zuen aldea iraulita, Miribillan irabazi zuen atzo Bilbo Basketek FIBAko Europako Kopa. Txapelketa hori birritan irabaztea lortu duen talde bakarra da Bilbokoa; aurrekoa ere PAOK Tesalonikaren kontra irabazi zuten.

Iaz, taldea Greziatik etorri arte itxaron behar izan zuten zaleek garaipena haiekin ospatzeko, finaleko bueltako partida han jokatu baitzen. Aurten, ordea, partidaren biharamunean eskaini diete garaikurra Bilbo Basketekoek zaleei. Gaur izan da ospakizuna: ehunka lagun batu dira Bilboko udaletxearen eta hiribilduko Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean, Bilbo Basketeko kideei esker ona adierazteko. Jokalariek estalkirik gabeko autobus baten barruan egin dute batetik besterako bidea.

«Frogatu duzue bilbotarrok ez dugula sekula amore ematen. Birritan datorrena, hirutan ere laster»

AMAIA ARREGI Bilboko jarduneko alkatea

Udaletxean egin dute lehenengo geldialdia Bilbo Basketekoek, 18:00etan. Besteak beste, Amaia Arregi jarduneko alkateak egin die harrera, eraikineko kanpoko eskaileretan, eta dantzariek egindako pasilloa gurutzatuta, eraikinean sartu dira taldeko kide guztiak. 

Balkoira atera baino lehen, Jaume Ponsarnau taldeko entrenatzaileak jokalariek egindako «lan izugarria» aintzat hartu du: «Haize kontra gabiltza: kanporaketan atzean ginen, eta irauli egin genuen. Gainera, kopa bigarrenez irabazi duen talde bakarra gara». Ildo berean, datorren urtean ere lorpena elkarrekin ospatzea opa die Arregik Bilbo Basketekoei: «Frogatu duzue bilbotarrok ez dugula sekula amore ematen. Birritan datorrena, hirutan ere laster». «Geldiezinak zarete», gehitu du udal agintariak. Bitartean, PAOK Tesalonika taldeko arduradunek helarazitako esker mezu baten berri eman du Isabel Iturbe klubeko presidenteak: «Bilbon eman diegun harrera bikaina eskertu dute, eta Miribillan izandako giro ona goratu». 

«Haize kontra gabiltza: kanporaketan atzean ginen, eta kopa irabazi dugu. Bigarrenez irabazi duen talde bakarra gara»

JAUME PONSARNAU Bilbo Basketeko entrenatzailea

Udaletxearen barruan esan dituzte hitzok Ponsarnauk, Arregik eta Iturbek, leihoetatik kanpoko zalaparta eta oihuak sartu bitartean. Miribillan egin bezala, Hirukoa zale taldea arduratu da giroa berotzeaz. Jendea behera eta gora mugiarazi dute, «txapeldunak» oihukatuz. Bada, ez diete zaleei itxaronarazi nahi izan, eta segituan atera dira balkoira jokalariak, Queen musika taldearen We are the champions abestiaren erritmoan. Banan-banan hitza hartu dute Bilbo Basketekoek zaleei eskerrak emateko: «Zuek erakutsi diguzue bidea», bota die Ponsarnauk; eta foru jauregira abiatu baino lehen, Txoria txori abestu dute denen artean.

Hirugarrenaren bila

Zaleen artean izan dira Itziar Muñoz eta Ainhoa Muru ama-alabak, eta haiek ere bere egin dituzte Bilboko jarduneko alkatearen hitzak. Datorren urtean, Bilbo Basketek hirugarren aldiz jokatuko du FIBAko Europako Kopa, eta Muru eta Muñoz «ziur» daude jokalariek ahal duten guztia egingo dutela. «Gu haiei indarra ematen izango gara», gehitu dute. Txus Gilek, ordea, ez du horren erraz ikusten. «Bilbo Basket, hots, kopa bi aldiz irabazi duen taldea garaitzea izango baitute helburu besteek. Hala ere, ondoan izango gaituzte», ziurtatu du zaleak.

Zaleak garaipena ospatzen, gaur, Bilboko udaletxearen aurrean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Zaleak garaipena ospatzen, gaur, Bilboko udaletxearen aurrean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Festa ez da udaletxean amaitu. Handik foru jauregirako bidea hartu dute Bilbo Basketekoek, autobusean berriro ere. Han, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak harrera egin die, eta balkoira atera dira bertan ere, herritarrak azkeneko aldiz agurtzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA