Gauza handia bezain zaila da lehiaketa bat irabaztea. Zer esanik ez bi urtez jarraian irabaztea. Bada, horixe egin du Surne Bilbo Basketek: bi aldiz jarraian irabazi du FIBAren Europako Kopa. Inork ez du halakorik egin lehiaketa horretan. Balentria horri epikotasun handiagoa emateko, gainera, finaleko joaneko partidan pilatu zuen aldea iraulita izan da txapeldun. Sei punturen aldeagatik galdu zuen duela astebete Grezian, PAOK Tesalonikaren kantxan: 79-73. Gaur, berriz, hamabost punturen aldeagatik irabazi dio PAOKi itzulikoan, Miribillan: 89-74. Horri esker irabazi du bigarren aldiz jarraian Europako Kopa. PAOKi nagusitu zaio bi aldietan. Greziako taldearen amesgaizto bilakatu da.
Oso berezia izan zen iaz irabazitako garaikurra, klubaren lehena izan baitzen, eta haren sorreraren 25. urteurrenarekin bat egin baitzuen. Hala ere, Bilbo Basketeko kideei eta zaleei arantza txiki bat geratu zitzaien sartua: Bilbon jokatu zuten finaleko lehen partida, eta Grezian bigarrena. Hau da, etxetik urrun ospatu zuten, eta ia bi egun itxaron behar izan zuten etxekoekin batera ospatzeko. Itxaronaldiak merezi izan zuen, milaka zale bildu baitziren Bilbon taldeak egindakoa ospatzeko. Ederra izan zen ordukoa, baina urtebeteren ostean lortu dute iazko arantza txiki hura ateratzea, eta, oraingoan, etxean eta batera ospatu dute lehenbizi. Etxean eta batera, lelo hori aipatu dute behin eta berriro azken egunetan, eta, gaur, desio hori bete dute.Â
Ezin da ulertu Bilbo Basketek gaur egin duena Miribillaren hauspoa kontuan hartu gabe. Bizkaiko taldea bizitu egiten da etxean jokatzen duenean, zaleek ematen dizkieten animoek barruan duten guztia eta gehiago ematen laguntzen baitie jokalariei. Itzulikoa gaur jokatu da kantxan, baina partida duela astebete hasi zen jokatzen, joanekoa bukatu bezain laster. Balentria egin behar zuen Bilbo Basketek, eta kluba balentria hori hauspotzen aritu da etengabe. Sekulako giroa sortu nahi zuen pabiloian, etxeko taldea handi bilakatu zedin, eta PAOK txiki. Nahi, eta lortu ere bai. Zaleek infernu bilakatu dute Miribilla, eta su horretan kiskali egin da Greziako taldea.
Jaume Ponsarnauk entrenatutakoek argi zuten zer egin behar zuten kanporaketari buelta emateko: batetik, eraginkorrago aritu jaurtiketetan; bestetik, talde bat izan, hau da, ahalik eta jokalari gehien nabarmentzea lortu; eta, azkenik, PAOKen indargune nagusiak indargabetu, nagusiki, Beverleyren eta Tyreeren ekarpena erasoan. Hori guztia lasai egin behar zuten, urduritasunak jota aritu gabe.Â
Behetik gora
Erraza da esaten, baina zaila egiten. Eta Bilbo Basketi kosta egin zaio hasieran. Lehen laurdenean nagusi izan da PAOK: 19-23. Etxekoak ez dira fin aritu defentsan, eta Tyreek min handia egin die. Erasoan ere ez dira eraginkor aritu. Hobetu beharra zuten.
Eta egin dute, bigarren laurdenean. Petrasekek saskia birrindu du hasi eta gutxira, eta horrek piztu egin ditu taldekideak. Aspaldiko partez, berdindu egin du Bilbo Basketek: 25na. Estutu egin du defentsan, eta lehiaren joera aldatu egin da. Kosta egin zaio aurretik jartzea, baina, azkenean, lortu du, hamaseigarren minutuan: 35-34. Atsedenaldian, bi puntu zen aurretik: 43-41. Bidean zegoen.
Eta abiada hartu du bigarren zatiaren hasieran. Minutu batean berdindu egin du finala: 47-41. PAOKek eutsi egin du hasieran, baina defentsako lanari esker, lehiak etxekoen alde egin du nabarmen. 25. minutuan lortu dute aurrenekoz helburua: zazpi punturen aldea (60-53). Jota zegoen PAOK, eta aprobetxatu egin dute, aldea handituta: 67-53. Azken laurdenari hamahiru punturen aldearekin ekin diote: 70-57. Gertu zegoen balentria, baina lana biribiltzea falta zen.
Eta bikain egin dute, azken laurdenean aldea handitu eta handituta: 80-58. Ia sobran egon da azken laurdena. Erabakita zegoen partida. Txapeldun zen Bilbo Basket, eta azken minutuetan festa izan da Miribillan, eta zer esanik ez partida bukatu denean, eta kopa altxatu dutenean. Pozarren zegoen Ponsarnau: «Une txarrak igaro ditugu, baina defentsari eta ahaleginari esker egin dugu aurrera. Denok batera irabazi dugu garaikur hau». Ospakizunek bihar izango dute jarraipena, hiriko erdigunean.Â
LUCAS FERNANDEZEK EZ DU GERNIKAN JARRAITUKO
Aldaketa garrantzitsuak egongo dira Gernika taldean. Aurreko astean jakin zen Lointek-ek utzi egingo diola babesle nagusi izateari. Gaur, berriz, klubak jakinarazi du Lucas Fernandezek ez duela taldea entrenatzen jarraituko, zeregin horretan hiru urtez aritu eta gero.Â
IDKn ere aldaketak egongo dira datorren denboraldian. Klubak gaur jakinarazi du Roso Buch jokalariak ez duela taldean jarraituko, bi urtez Donostian aritu eta gero.
Â